Larraulen feminista

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre Kerejeta 2013ko abenduaren 13a

Orain sei urte Hernanitik bizitzera etorri, eta lehen praktika positiboarekin topo egin nuen (topikoak zipriztintzen dizkidatenei maitasunez erantzuten diet adibide honekin): Katillu Txulo elkartean hasieratik izan direla bazkide emakumeak, Hernaniko elkarte batean lehenengo giltza Maialen Lujanbiok eskuratu zuen bitartean (ez bereak entzun behar izan gabe gainera). Larraulgo bizimoduak praktika feminista lantzeko modua aldatu dit.

Hernanin egunerokoan gurutzatuko ez nituzkeen gizon-emakumeak koadrilako ditut orain. Lanorduak etxeari eskaintzen dizkiotenak batzuek, dozena bat urte zaharragoak besteak, umeak hazteko lan ordaindua utzi dutenak, etxetik kanpoko lanetan ardurak hartzen ari direnak... lagunarte anitz horretan egosten dira elkarrizketak, hor elikatzen ditu norberak bere ideiak, hor garatzen diferenteek ere bat egingo duten argumentazioa. Hiri handietan bakoitza bere gisakoen taldeetan bizi bada, herri txikietan lehenik da norbera (norberaren pentsamendu, balio, bizi estilo...) eta hortik aurrera guztiz desberdinak diren besteekin dauzkan harremanak. Erabat bariopintoak. Talde kontzientziak garatzea askoz konplikatuagoa da bertan, Larraulgo feministen talderik ez dugu sortuko. Baina norbanako feminista hori egunerokoan herritarren gehiengoarekin dago harremanetan. Elkarreraginean. Pertsonarik «karkena» den horrekin moldatzea tokatuko zaio, karka horrek «feminista ero» horrekin adostasunera iristea beharrezko duen moduan. Norberak izate hutsarekin, bere presentziarekin, ematen dio jendarteari bere bultzadatxoa. Edozein ekintza txiki, semea arrosaz janztea, parke berera doazen zure gisako gurasoek bakarrik ikusiko dute Tolosan. Alkateak, apaizak, elkarteko lehendakariak, gazteak, artistak... Larraulen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!