Papera edo internet, eltzea edo zartagina

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre Kerejeta 2013ko azaroaren 15a

Interneteko kazetaritza garatu ahala, paperekoa desagertuko dela esaten duenik bada (gogoratu telebista sortzean itzaliko omen zela irratia). Dinosauroen desagerpena iragartzen lehena izateak orojakiletasunean plus bat emango baligu bezala, krokodiloek bizi-bizirik dirautela ahantzita.

Esan liteke papera eltzea dela eta internet zartagina. Sukaldariak bi etxetresna horiek eta gehiago nahi ditu eskura (irrati-labea, bideo-parrillak...). Kazetariak ere horixe egiten du, bere lehengai den informazioa nola elaboratu hautatu: eltzean egosiko duen ordu luzez, edo zartaginean pasada bat eman eta lehenbailehen zerbitzatzea den eraginkorrago. Sukaldari (eta kazetari) onenen artelanen aurrean, bazkaltiarrok «hau nola egin duzu?» igarri ezinda geratzen gara: asko baitira lehenik egosi eta ondoren zartagin kolpe batekin errematatutako jakiak. Informazio batzuek ere magia hori dute: aktualitatearen txanpa harrapatzen dute, informazio landu eta egositako interpretazioak eskainiz. Zer uste zenuen bada? Askotan internetez irakurtzen ari zarena, papererako sortu eta webean eskegitako artikulua da.
Irakurtzerakoan, euskarriari buruzko iritzia (papera ala pantaila dugun nahiago) plateraz izan dezakegunaren modukoa da («niri zapalak gustatzen zaizkit», «ba niri bandejatik jatea»), nahiz eta baden ikerketarik dioenik paperean irakurritakoa errazago barneratzen dugula, mapetan bezala kokatzen garela paperezko testuaren aurrean. Paperean zein interneten, irakurleak informazio osasungarria jasotzeko elaborazioari begiratu beharko dio: egosia edo frijitua den. Osasunean bezala informazioan badakigu zein den elikatzeko proportzio gomendagarria. Eta garrantzitsuena, jakiak murtxikatu eta digeritzeko otordua patxadaz egitea dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!