Tolosaldean irakaskuntza eskaintza oso anitza daukagu. Badira ikastolak, eskola txikiak, ikas komunitateak... guraso bakoitzak badu bere balore eta irizpideen arabera haurrak nora eraman erabakitzeko aukera. Aniztasun hau bera jarri du kolokan LOMCE legeak.
Izan ere, ordutegien %50 ikasgai ardatzek beteko dute: Gaztelera, Atzerriko hizkuntza, Matematika, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Geografia eta Historia. Eta Madrilgo Gobernuaren eskumena izango da ikasgai horien edukia zehaztea. Gainera, ikasgai horietan azterketa estandarrak gainditu beharko dituzte ikasleek 9, 12, 15 eta 18 urterekin: Espainiako estatu osoan bera izango den azterketa, denak egun berean pasako dutena, eskolaz kanpoko aztertzaileekin... Beraz, hemengo haur eta gazteek Espainiako Gobernuak finkatutako edukiak ikasiko dituzte batipat. Wert beraren esanetan «izaera nazionala» –uler bedi espainiarra– izango duten eduki homogeneoak.
Gurasoen parte hartzea bermatzen dute gure eskolek (eskola publikoetan erabaki nagusiak hartzen diren Organo Gorenean %50 gurasoak dira, legez. Eta ikastolak gurasoek berek sortutako proiektuak dira). LOMCErekin, ordea, Gobernuak aukeratutako zuzendari profesionalaren esku egongo dira erabaki nagusiak, eta guraso, irakasle, ikasle eta gainerako eragileen ahalmena kontsulta mailakoa izango da.
Badugu, beraz, arrazoirik ikastetxe bakoitzean LOMCEri buruzko informazioa eta iritzi trukea zabaltzeko guraso eta irakasleen artean. Ikastetxe bakoitzean lortzen den adostasunaren arabera tokian tokiko erabakiak hartzeko, eta gainerako ikastetxeekin LOMCEri erantzun bateratua emateko, praktikan alternatibak martxan jarriz.
Hori egin ezean, gurasook gure burua aurkituko dugu umeei lekzioa hartuz azterketa orokorren bezperetan, «Tolosaldean, Españan bizi garela, gure hizkuntza latinetik datorrela eta Cervantes dugula autore unibertsal»... zorionez ezagutu ez nuen eskola hura datorkit gogora.