Lanbide honen jatorria merkataritzarekin eta gudarekin lotzen da, bataila desberdinei buruzko albisteak eta mezuak toki batetik bestera eramateko. Mezularitza garrantzia handikoa izan da eta izaten dihardu gerrate ezberdinetan, baina sortu zenetik eta gaur egun, gure bizitzako “behar” bat bihurtu da.
Gaur egun internet bidez segundo batzuk besterik ez ditugu behar mezuak bidali eta jasotzeko, baina garai hartan askoz ere denbora gehiago behar zen. XIX. mende erdialdean adibidez, Madrildik Donostiara gutun bat bidaltzeak 3 egun behar zituen. Guk baina, XX. mendeko lehen erdialdeko dokumentuak ditugu eskuartean eta hauek Adunako oinezko postariei buruz hitz egiten digute.
Oinezko postariek egunero euren herriari zegokion posta-bulegora joan behar zuten banatzeko gutunen bila. Adunaren kasuan, Villabonako postetxera joan behar ziren, han korrespondentzia jaso eta berriro Adunara. Pentsa dezakegu, egunero egin behar zuten ibilbide hori ez zela oso erosoa izango, are gehiago eguraldi txarrarekin, euripean Villabonaraino jaitsiko ziren korrespondentziaren zama soinean eramango zutelarik. Toki batzuetan bizikletak edo mandoak erabiltzen zituztela badakigu, baina tamalez, Adunako postariek horrelakorik erabiltzen zuten ala ez ezin dugu jakin.
Gaur egun posta etxez-etxe banatzen da, baino hori ere denborarekin aldatu da, lehen ez baitzen horrela egiten. Aztertzen ari garen lehenengo dokumentua (sig. 119-06) 1912an idatzitakoa da eta bertan aipatzen denez, gutunak Villabonatik Adunako plazara eramango ziren, hau da, ez dirudi etxez etxeko banaketa egiten zenik, baizik eta herriko plazatik egingo zen banaketa.
Baserrien kasuan, ezagutzen dira beste herri batzuk non gutunak baserri guztietaraino eraman beharrean, gutun-hartzaileak maiz bisitatzen zituen tokietan uzten zitzaion posta, familia-kide baten etxean, denda batean,… modu horretan, baserritarra herrira joaten zenean (elizara, merkatura,…) bere gutunak jasoko zituen. Ez dakigu ziur Adunan ere horrela egiten zen, baino pentsa dezakegu baietz.
Garai horretan posta zen urruti zeuden senide edo lagunekin harremanetan jartzeko modu bakarra, baita ere negozioetarako, beraz, postaria herritarrengatik errespetatu egiten zen eta garrantzi handiko postua izango zen. Gerra Zibilaren garaian Daniel Mugica Berregui zen Adunako oinezko postari (sig. 119-20, 119-21 eta 119-22) eta bere ardura izango zen gerran borrokatzen ari zirenen berriak beren familiengana iritsaraztea.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!