Mota desberdinetako ordenantzak egiten dira: fiskalitate kontuak erregulatzen dituztenak, hirigintzako gai desberdinak antolatzen dituztenak (txabolak, estetika, terrazak e.a.) edo poliziari eragiten dietenak. Villabonako Artxiboan mota eta garai desberdinetakoak dauzkagu, zaharrenak XVI. mendekoak izanik. Oraingo honetan ordea, kronologikoki gertuago dugun bati buruz hitz egin nahi dugu, pasa den mendeko 70. hamarkadako ordenantza fiskal bati buruz hain zuzen ere. Gainean ditugun egunak direla eta, aproposa dirudi dokumentu hau jorratzea. Izan ere denok erosiko ditugu bene-benetan behar ez ditugun luxuak, jan behar ez ditugun kapritxoak edo tankerakoak.
Aurrean dugun ordenantzaren izenburua “Luxuzko Gastuen gaineko Udal zergaren Ordenantza” da (sig. 920-04), hau da, gastu berezien edo bizioen gaineko zerga bat izango litzateke. Gastu mota desberdinak datoz azalduta dokumentuan, konkretuki 6 gai dira ordenantza honek arautzen dituenak. Lehenengoa hoteletan, apartamentuetan edo erresidentzietan ostatu hartzeari dagokiona izango da, hori bai, beti ere lau izar edo gehiago dituzten hoteletan egindako egonaldiengatik. Atal honi dagokionean, zehazki aipatzen da zerga hau zein hotel motetan ezarriko den, nola kobratuko den, zenbatekoa izango den balioa e.a. Hoteletako egonaldiekin batera, beste zerga bat ezarriko zaio toki horietan jan eta edaten denari, baita ere 3 sardexka baino gehiago dituzten jatetxeei, A eta B kategoria bereziko tabernei eta 3 sardexka dituzten jatetxeak baino prezio altuagoa duten taberna edo jatetxeei. Hauekin batera, festa aretoetan sartzeko sarrerak eta edariak ere zerga honen eragina nabarituko dute. Festa aretoak, dantzalekuak, diskotekak eta ikuskizunak antolatzen dituzten edonolako kasino edo elkarteetan ere aplikatuko da zerga hau. Aipatutako kasu hauetan, bezero guztiek ordaindu beharko dute, baina ez dute banatuta ordainduko, baizik eta edariaren, hoteleko gelaren edo dantzalekuko sarreraren prezioarekin batera ordainduko dute, hau da, gaur egun ordaintzen ditugun zerga guztien modura, ordainketa bakar batean bi gauzak. Ondoren, taberna, hotel edo dantzaleku bakoitzeko arduradunak lagun pasibo edo ordezkari izango dira, eta hilero lehenengo hamabostaldian Udalari ordaindu beharko diote zerga honengatik dagokiona.
Zerga honek apustuei ere eragingo die. Ikuskizun publikoetan aurrera eramaten diren apustuetan parte hartzen dutenen artean, irabazleek egin beharko dute ordainketa. Kasu honetan ordezkaria, enkantea antolatu duen pertsona izango da. Elkarte pribatuak ere ez dira libratuko zerga hau ordaintzez, hauen barne sartzen da edozein elkarte mota, bai kasinoak, bai kirol elkarteak edo klubak. Hori bai, luxuzko gastuak 10.000 pezeta baino gehiago direnean aplikatuko zaie zerga hau. Etxebizitzen inguruan, luxuzkoak izango dira 7.000.000 pezeta baino gehiago balio dutenak eta horiek dira zerga hau jasan beharko dutenak eta urtero ordaindu beharko dutenak. Hauen kasuan, jabeak dira urtero urtarrilean Udaletxetik pasako direnak zergaren kitapenerako. Azkenik, arrantza eta ehiza-barruti pribatuen erabilera ere zerga honekin kargatuko da. Hemen ordezkaria jabetzaren jabea izango da eta honek egin beharko dio ordainketa Udalari urtero.
Ordenantza honek arautzen duen luxuaren gaineko zerga hau ez da berdina izango aipatzen diren 6 kasu horietarako, baizik eta gastuaren arabera ehuneko bat edo beste ezarriko da. Horrela gauzak, luxuzko etxebizitza bat erosten zuenak etxearen balioari %0,60ko karga gehitu behar zion eta festa areto batera sartzeko sarrera erosi nahi zuenak, balioaren %50eko karga. Hortaz, gastuaren balioaren arabera ezartzen zen karga edo zerga hau oso desberdina izango zen egiten zen erosketaren arabera. Hoteletako egonaldiak ere desberdin kargatuko ziren lau izarreko hotel bat bazen edo lau izar baino gehiago bazituen.
Aurkeztu dugun dokumentu hau Udalak onartu zuen 1977 urteko maiatzaren 2ko udalbatzan. Urte dezente pasa dira ordutik eta dagoeneko aldatu egin dira gauzak, gaur egun beste zerga batzuk baititugu ordaintzeko.