Euskaraz garenak

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Urkola 2017ko uzt. 23a, 09:47

Datu batekin hasi nahi nuke gaurko iritzia ematen: hamar urtetan ehuneko 12 puntu jaitsi da euskararen erabilera Anoetan. 2006an biztanleriaren %69,2ak egiten zuen euskaraz eta 2016an %57,7ak. 

Modu askotara interpretatu daitezke datu hauek eta begi baikorrekin begiratu nahi duenak esan lezake biztanleria igo izanak eragin duela proportzio aldaketa; eta arrazoi izan lezake neurri batean. Baina ez nago begi horiekin begiratzeko gorputzaldiarekin, ez behintzat gai honi.

Kezkatu egin naute datu hauek. Kezkagarriak dira batez ere euskara hutsean bizi garenontzat, munduari euskaraz begiratzen diogunontzat. Azken urteetan euskararen ingurunea zabaldu dela esan liteke: hezkuntza arautuan euskaraz ikasten dute haur gehienek, aisialdia euskaraz gozatzeko mila aukera dituzte gaztetxoek, euskarazko hedabideak sarean zabaltzen dira eta euskaraz egiten da kultura. Eta hala ere, nahikoa ez. Zergatik?

Zergatik, euskararen ezagutza igotzen eta euskararen ingurunea zabaltzen ari denean, kalean gutxiago hitz egiten da? Ba al duzu erantzunik? Gustatuko litzaidake erantzuna duzun horrek hitz egingo bazenit…

Nik bitartean erantzunen bila jarraituko dut, nire baitan. Uste dudalako emaitzak zenbakietan eta proportzioetan jasotzen ditugun arren, beste nonbait bilatu behar ditugula galdera horien erantzunak. Euskaraz ikasten dugunean, ikastolan zein euskaltegian, testu zuzen, egitura perfektu eta hitz formalekoak osatzen ikasten dugu. Osatzen, eta batez ere, idazten. Euskaraz idazten ikasten dugu, bikainki idazten. Baina kalean ez digu balio euskara zuzen, perfektu eta formalak.

Hala esan omen zuen behin Joxe Usabiaga Zamalbide bertsolari oreretarrak, gazteleraz idatzitako testu batean bere izena ikusi zuenean: «Testo guztia erderaz zeok eskribittuta baño ni euskeraz neok». Euskaraz zegoen eta euskaraz zen Zamalbide.

Eta konturatu naiz ni ere halaxe naizela: euskaraz. Euskaraz maite dut, beldur naiz euskaraz, euskaraz gozatzen dut, negar egiten dut euskaraz; euskaraz jaio nintzen eta euskaraz hilko naiz. Eta nire sentipen horiei guztiei hitzak jartzen dizkie nire hizkuntzak.

Euskara erabili, erabili, erabili… Hobe, izan gaitezen euskaraz!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!