Txiste edo broma bat dirudi horrela kontatuta ezta? Eta hala litzateke edozein harri balitz. Baina ez, ez da edozein harri izan pasa den astean herria mugitu zuena: Errauste plantaren lehen harria izan zen; harri horrek eragin zituen ekitaldi publikoak, kargudunen adierazpenak, enpresarien elkarrizketak eta herritarren protestak. Esanahi askoko harria jarri zuten, zalantzarik gabe.
HERRIA. Herriari bidali baitzioten harririk handiena; eta uso mezularien gisan mezu garrantzitsu bat harriarekin batera: «Honek ez du atzera bueltarik. Alferrikakoak dira zuen protestak eta ekinbideak, errauste planta martxan da». Eta mezulari asko batu zaizkio harriari: telebistak, irratiak, egunkariak, kargu publikoak, enpresariak…. Denen artean bota diete harri mezularia herritarrei.
IRRIA. Irriz hartu dute herritarrek harri mezularia, edo ez. Errauste plantaren mamua agertu zenean bai, irriz pentsatu, sortu eta eraiki zituen herriak hondakinen kudeaketarako aukera berriak; baina irri zabalak marrazten zituzten ezpainak estutu egin dira. Estutu egin dira batez ere, irriz imajinatzen dituztelako errauste plantaren egileak diru-orriak kontatzen. Diru-orriak irriz kontatzen herriari harria botata.
ORRIA. Diru-orri asko mugituko dituelako errauste plantak. Irria aurpegitik ezabatuz ezpainak estutzen ari zaizkion herriaren diru-orriak erreko ditu errauste plantak. Kiratsa darion ke beltza jango dute herritarrek trukean eta harri-mezulariarekin bat egin duten kargu politiko eta enpresariek irentsiko dituzte diru-orri ustelak. Irriz, algaraka kontatuko dituzte diru-orriak. Herriaren diru-orriak gutxi batzuen esku urrietan.
URRIA. Urriak baitira obra honetatik etekinak aterako dituztenak, eta asko, asko izango gara kaltetuak. Zentzu askotan kaltetuak: ekonomikoki, osasun aldetik, jendarte-eredu moduan…
Baina ez da etsitzeko unea. Urria, orria, irria, herria, harria. Jar dezagun guk bigarren harria, hondakinen kudeaketatik hasi eta jendarte-eredu berria eraikitzeko harria.