Egun polita izan zen. Paseotxoa Hondarribian nerabezaroko kontu-txikiak kontatuz, gure poltsikoak baimentzen zigun neurrian bazkaldu eta arratsaldean Txingudiko zinemara. Filma gustatu ala ez gustatu, elkarrekin egotea zen garrantzitsuena eta zegoenarekin pozik, oso pozik.
Eguna pasata, etxera buelta. Azken edo azken aurreko trena hartu Irunen eta Anoetara. Herriko plazan geratu ginen, adin horretan (geroago ere bai) edozein aitzakia baitzen ona etxera itzultzeko ordua atzeratzeko. Egunaren errepasoa egin, lagunekin azken kontuak eta barreak gurutzatu eta norbera bere etxera; norbera bere bidetik.
Gaueko hamaika eta erdiak izango ziren, gutxi gorabehera. Herrigunetik aparte samar bizi arren, ez nuen gidabaimenik eta oinez abiatu nintzen etxera. Oso barneratuta nituen txikitatik entzundako «KONTUZ» mezuak eta askotan deitzen nien gurasoei bila etortzeko, baina egun hartan ez nuen beharrik sentitu. Gaueko hamaika t'erdiak ziren eta eguna gau egin berri. Mamuak lo zeuden oraindik, edo hala uste nuen nik.
Errepide bazterreko farolak amaitu eta bidea ilundu bezain laster hasi nintzen «zerbait» sentitzen. Mugikorra eskuetan hartu eta aurrera. Hankak aurrera baina begiak atzean, ezkerrean, eskuinean, atzean, atzerago… Halako batean, iluntasunaren iluntasunean, «norbait» ikusi nuen niregana zetorrela. Ezagunen izenak oihukatzen hasi nintzen, haietakoren bat ote zen jakin nahi nuen gustu txarreko broma egin nahian; baina ez, ez zidan erantzuten eta zuzen zetorren niregana.
Korrika hasi nintzen, eta aldi berean mugikorretik norbaiti deitzen saiatzen. Baina ez nuen lortzen, gehiegizkoa zen tentsioa, beldurra. Atzetik harrapatu ninduen eta nire gorputza ukitzen hasi zen, nazkagarria! Eta ni oihuka, mugikorraren bestaldean inor ez egon arren, balego bezala amari hizketan, oihuka. Eta ostikoka, esku zikin haietatik ihes egin nahian.
Eta lortu nuen, oraindik ez dakit nondik ateratako indarrekin baina lortu nuen. Lortu nuen atzapar haietatik ihes egitea; korrika, oihuka, negar-zotinka etxera itzultzea, babesera.
14 urte pasa dira ordutik. Urte hauetan bortxaketa-saiakeraz hitz egin izan dut, barru-barruan bortxatua sentituta. Gau hartatik erraietarainoko beldurra diot iluntasunari, gauari, eta zer esanik ez gauean bakarrik ibiltzeari. Baina ezin esan bortxatua izan nintzenik, saiatu egin omen zen, besterik ez.
Zein distantzia dago saiakeratik bortxaketara? Nork erabakitzen du bortxaketaren neurria? Afera honek ere, jendarte patriarkalaren mesedetan ezkutatzen du biolentzia matxista. Ezkutatu egiten ditu gizon bortxatzaileak, iluntasunean geratzen dira emakume bortxatuak… Eta horrek ez du balio, tranpa da. Bortxaketa-saiakerak ere bortxaketak dira.