Baina gero, amaitu egiten da telebistako albistea eta «klak!» ondokoari eguna zer moduz joan zaion galdetuko diogu edo gure pentsamenduan lekua kenduko dio hurrengo albisteak aurrekoari.
Baina aste honetan, ezin izan ditut saihestu intxaurrondotik erori diren intxaurrak eta buruan kolpetxoa eman dit Siritatik iritsi zaidan albiste bakoitzak: «kaxka, kaxka eta kaxka!». Eta albistegiko hurrengo albisteak ez dio lekua kendu aurrekoari.
Greziako errefuxiatuen kanpamentuetan lanean ari den Help-Na taldeko bi kidek eskaini zuten hitzaldian izan nintzen duela pare bat aste. Giza laguntzarako Nafarroako Suhiltzaileen Taldea da Help-NA eta apirilaz geroztik ari dira lanean hango kanpamentuetan. Helburua argia, oztopoak oztopo errefuxiatuen eguneroko bizitza ahalik eta duinena izatea. Asko hunkitu ninduten beraiek emandako azalpenek, erakutsi zizkiguten irudiek… hunkitu egin nintzen errefuxiatuen egoerarekin eta hunkitu egin nintzen haiei laguntzeko duten borondatearekin.
Emozioak emozio, nire alde arrazionaletik hitz egin nien bi kideei hitzaldi osteko tartean. Milaka eta milaka herritarrek bizi duten egoera latzari behin behineko erantzuna ematetik, konponbide egonkorragoa bilatu nahian. Bi galdera egin nizkien: batetik, borondatez egiten duten lan horrek ez al duen neurri batean estaltzen Europar Batasuna osatzen duten gobernuen eta gainerako estatuen ardura (kontuan hartuta, badirela hainbat nazioarteko hitzarmen errefuxiatuen eskubideak aitortzeko); eta bestetik, errefuxiatuei buruz hizketan ari garela, ez ote garen ari ahazten zein den oinarrian askatu behar den korapiloa. Alegia, ez ote litzatekeen borondate gehiago exijitu behar errefuxiatuek alde egin behar izan duten herrialdeetako egoera politiko, ekonomiko eta soziala konpontzeko.
Ez zidan ezezkorik esan, ezta baiezkorik ere. «Gure eskuetan dagoena egiten dugu. Han laguntzea eta hemen hango berri ematea. Eta hori egiten ari gara». Bide horretan, dokumental bat egin dute, Xabier Ayerraren Just People. Intxaur gehiago erori zaizkit burugainera dokumentala ikusita, «kaxka, kaxka eta kaxka», eta lehen nituen galderez gain gehiago eragin dizkit dokumentalean ikusi eta entzundakoak. Galdera guztien erantzunaren bilaketak puntu berera eraman naute ordea: gatazka hauen sorreran eta ondorioetan dauden interes ekonomiko, sozial eta politikoetara, hain zuzen ere.
Ondorio horrek ez nau konponbidera eraman baina geroz eta jende gehiagok sentituko bagenu intxaurrondotik erori den intxaurraren kolpetxoa, agian gerturatuko ginateke. «Kaxka». Sentitu al duzu?