Arantxak 85 urte ditu. Hiru seme-alaba izan zituen eta 70 urterekin alargundu. Bizitza osoa eman dio bere familiaren zaintzari, eta etxean bakarrik geratu zenean hasi zen bere burua zaintzen. Duela bost urtetatik ordea, ez da gai bere burua zaintzeko; gorputza geroz eta ahulago du eta laguntza behar du.
Aitor eta Amaia Maddiren gurasoak dira. Etxetik kanpo egiten dute lan biek eta guraso izatea erabaki zutenean, ez zekiten nola uztartuko zituzten lana eta haurraren zaintza. Eta orain konturatu dira ez direla erraz uztartzen, ez behintzat ezeri uko egin gabe. Biek lanean jarraitu ahal izateko, haurtzaindegira eramaten dute Maddi.
Mikel Arantxaren hiru seme-alabetako bat da. Bere anai-arrebak ez dira herrian bizi eta berak pasatzen du denbora gehien amarekin. Lehen bisitan joaten zen baina orain, laguntza behar du egun osoan. Eta berak ezin dio egun osoan lagundu. Lotsa ematen dio horrenbeste urtetan bera zaindu duen amari, orain berak ezin duela zaindu esatea. Baina hala da, ezin du, ezin du lana utzi ama zaintzeko.
Elena Jimenezi entzun nion aurrekoan Info7 irratian: «Kapitalismoak ez dio amatasunari balioa eman, ondo maneiatzen duen moral bikoitzarekin. Alde batetik, balio ekonomikoa kendu dio, eta horrekin batera, baita emakumeari eskubideak izateko aukera ere. Azken finean, lan-merkatuan egonda lortzen dira eskubideak: segurtasun ekonomikoa, seguritate soziala, pentsioak… Baina aldi berean, amatasuna beharrezkoa dutenez horretarako eginak gaudela esan digute emakumeoi, amatasuna aukera bezala ez ikusteraino».
Azpimarratzeko moduko ideia asko ditu aipu horrek, eta hemen bat: lan-merkatuan egoteak eskubideak (segurtasun ekonomikoa, seguritate soziala, pentsioak…) ematen dizkigu; beraz, hortik kanpo egoteak kendu. Gaur egun, etxeko zaintzaile izateak lan-merkatutik aterarazten gaitu eta ondorioz, etxeko zaintzaile izateak eskubideak galarazten dizkigu.
Zainduak izatera kondenatuak gaude bizitzako etapa askotan; denok, salbuespenik gabe. Zaintza hori bermatzen duen zaintzaileak eskubideak galtzea, horixe da jendarte honek izan lezakeen kondenarik gogorrena.