Eta bi begi horiekin joan nintzen Tanzaniara: jakin-minez eta gogotsu baina aldi berean, kezkaz eta beldurrez. Nire begien begirada aldatu da ordea. Tanzaniarrek erakutsi didate Afrikari beste begirada batekin begiratzen; kontinente beltzari mila kolore ikusi dizkiot: oihal alaien gorri-urdin-berde-hori-laranjak, zuhaitzen marroi-berdeak, aurpegi irribarretsuen beltz-zuriak, mendi altuen marroi-berde-grixak, itsaso zabalaren urdina, barazki eta landareen berde hezea… kolore horiek eta gehiago ditu Afrikak orain nire begietatik.
Aberatsa baita Afrika, aberatsa lurrez eta itsasoz. Emankorrak ditu soroak, emankorrak fruituen zuhaitzak, emankorrak ibaiak eta emankorrak lakuak. Badute lehengaia, bai eurentzat baita besteei saltzeko ere. Edozein kale eta errepide ertzetan aurkitu ditut merkatu koloretsuak, herritar hiztun, umoretsu eta alaien topagune. Bizitza, bizitza eta bizitza gehiago.
Bizitza hori bilatu dute nire begiek tanzaniarren begietan, baina ez dute beti aurkitu. Hainbaten begiradek Afrikak bere baitan daramatzan hitz horiek esan baitizkidate: kolonialismoa, desoreka, pobrezia, gosea, lehorra, urruna, miseria, zorra, migrazioa, gerra, mina… eta min horrek mina eragiten digu guri, europarroi. Erantzukizunaren mina, eta minak errukia, eta errukitik lagundu nahia, nahia eta ezina.
Erruki eta ezintasun horren zurrunbiloan gabiltza galduta aspaldiko hamarkadetan. Guk eragindako eta eragiten dugun min hori konpondu nahian, konpontzen lagundu nahian. Baina erruki-begiradak badu arriskua ondokoa ahul, hauskor eta menpeko ikusteko; eta ondokoak hala dela sinisteko. Afrikak ez du Europaren errukirik behar, Afrikak burujabetza behar du. Burujabe euren lurraren aberastasuna herritarren aberastasun bihurtzeko. Jendartea antolatzeko beraien ereduak eraikitzeko, inoren ereduak jarraitu gabe.
Afrika ez da ahula, ez da hauskorra (ez behintzat gu baino ahulago, eta hauskorrago) eta ez luke inoren menpeko izan behar. Ez dakit nik zer egin beharko genukeen bide honetan, baina bidea egiteko garrantzitsua da pausuaren norabidea jakitea. Horregatik erabaki dut begirada aldatzea, eta tanzaniarrek erakutsi didaten begirada eder horrekin Afrikaren mila kolore ikustea.