Hil da edo hil du?

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Urkola 2016ko eka. 5a, 20:00

Hitz egiten dugunean ez ditugu kasualitatez aukeratzen hitz batzuk edo besteak; eta bi esaldik gauza bera esan nahi dutela iruditu arren, ez da beti horrela izaten. «Atzo kuadrillakok parranda eaman niñuen ta ezin etxeatu!» Nola? Kuadrillakoek lepotik hartu eta parrandara eraman zutela behartuta? Ez, ez… parrandara joan zela bere gogoz eta hurrengo egunean justifikatu nahian dabilela bere gaupasa.

Jolasa da hizkuntza eta ederra da hitzekin jolastea. Batzuetan lortzen dugu nahi dugun zentzua ematea hitzei eta beste batzuetan, saiakera hutsean geratuko da gure ahalegina. Horrelakoa da bizitza. Honekin lotuta ordea, beste kontu bat dela esango nuke komunikabideek hitzekin egiten dutena. Jolasetik jokora pasatzen garela iruditzen zait eta mezu jakinak zabaltzeko saiakerak askotan izaten direla arrakastatsuak.

Hamaika adibide jar ditzaket esan nahi dudana adierazteko baina azkenaldian bereziki kezkatu nau nola kontatzen dituzten komunikabideek emakumeen erailketak. Euskal Telebista publikoari begira horrelako titularrak irakur ditzakegu behin eta berriz: «Emakumea hil da bere gizonak jota», «emakumea hil da hainbat tiro jasota», «bere senarrak leihotik botata hil da emakumea» eta abar eta abar eta abar…. Duela pare bat aste irakurri nuen «asesina» hitza lehenengo aldiz, baina «kasualitatez» gizonezkoa zen hildakoa, emakume batek «erail» zuen gizonezkoa.

Hil den emakume hori hil egin du norbaitek, ez da berez hil. Erail egin du, nahita, gogoz, nola egin pentsatuta… baina ez da horrela kontatzen. 'Da'-ren 'a' hizkiak gauza asko ezkutatzen ditu bere baitan, bereziki bi hauek: erailketa horren atzean dagoen gizon hiltzailea eta gizonaren ardura lausotu nahi duen jendarte patriarkatua.

Hori bakarrik ez, 'du'-ren 'u' hizkia ezkutatzeak, beste gauza batzuk agertzen ditu: gizon hiltzailearen faltan, ez al da emakumearengan zuzentzen hilketaren arduraren gezia? «Bai zuk, emakume horrek, egingo zenuen zerbait nire bizilagun gizon, jator, alai eta eskuzabal hau honetara iristeko…».

Komunikabideak eta jendartea, jendartea eta komunikabideak, bata bestearen ispilu eta elkar eragile. Hasi gaitezen nork bere eremuan erabili beharreko hitzak ondo erabakitzen, eman nahi diogun zentzuan pentsatzen. 'Da'-tik 'du'-rako aldaketa txikia, jendarte eraldaketa handia izan dadin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!