[Aulkitik] «Aurrera pauso garrantzitsua»

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Egilegor 2017ko urriaren 26a

Aurreko asteburuan Elorrio genuen parean, ligako zortzigarren partida garrantzitsua. Aurreko bi emaitzen ondoren, berdinketak izanik, gogotsu geunden hiru puntuak etxera eramateko.

Partida 18:00etan izanda, ordu t’erdiko bidaia aurretik genuela abitu ginen Tolosatik. Gure ezusterako, jokalari ohi eta jubeniletako beste zenbait jokalari etorri ziren taldea animatzera. Irabazteko genuen irrika eta gogoa airean arnas zitezkeen, giro ona nabaria zen. Zelaira salto egin eta aurkariak ikusi bezain pronto, adinaren diferentzia eta honek dakarren esperientziak harritu gintuen. Partida hasi eta segidan iritsi zen Ainhoaren lehen gola. Atsedenaldiaren aurretik, Maddik bigarren gola lortu zuen, eta horrela joan ginen aldageletara. Bigarren zatian, hirugarren eta azken gola sartu zuen Izarnek, norgehiagokari
0-3ko borobil batekin amaiera emanez. Bokata eta pasta goxo batzuk genituen kanpoan itxaroten, eta nola ez, batzuk lardaskan ibili ziren, beraien bokatak ez zirenak hartuz eta zirikatuz.


Norgehiagoka guztietan dira oso garrantzitsua hiru puntuak etxera eramatea, baino ondo jokatzea eta zelaitik sentsazio onekin ateratzea ere ezinbestekoa da. Etxera hiru puntuak ekartzeaz gain, oso partida ona egin genuen ezaugarritzen gaituen jokoa eginez eta aukera anitz eskainiz. Horrela, hurrengo partida (Usabalen larunbatean  17:30ean Lakua aurkari) dardara positiboekin jaso eta berriro ere hiru puntuak etxean gelditzeko gogoz eta ilusioz gaude. Eta nola ez, taldearen zati garrantzitsua den zati potolo bati eskerrak eman, Elorrioko harmailak bete zituzten guztiei.

Eneritz Egilegor ,Tolosa CF, Euskal Liga

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!