Amalur

Erabiltzailearen aurpegia Elene Arandia 2019ko mar. 30a, 06:58

Lurra, Nazio Batuen Erakundearen azken informe batek zehazten duenez, azken mugara iristen ari da; zorionez, egungo gazteen pazientzia ere bai. Klima aldaketaren aurka Europa iparraldean sortutako ikasle mugimendura eta grebara ere atxiki gara asteotan.

Sintomatikoa eta, era berean, itxaropentsua da, biztanleriaren sektore gazteenak ozen hitz egin nahi izana. Natura suntsitzeak ere balioa eduki, eta erronka klimatikoak negozio berdeari ateak zabaldu dizkion honetan, ni ere «esperantzara kondenatua» nago.

Esperantzak badu tokia gurean, eta Amalur izena du. Natura, bidaia eta antropologiari buruzko jardunaldiek munduko herriak eta pertsonak dituzte abiapuntu.

Ezinbesteko hitzordu bilakatu dira, gurean, urte hasieran; aukera ematen dute, munduko bizierak eta kultur kronikak ezagutzeko. Pirinioetako mendien geologiara eta paisaje artistikora hurbildu gintuzten, lehenik; Artikoko haize hotza sentitu genuen, ondoren; Antartikako mendebaldea, planeta baino hiru aldiz gehiago berotu dela ezagutu; Filipinak eta Grezia bezalako herrialdeetan sakondu; Teherango lorategiak, mingranondoak eta arrosondoak usaindu; eta, sukaldeetan, emakumeen ahotan mantentzen den poesia irudikatu eta dastatu. Azken bi geltokiak etorri dira aste honetan. «Atsegina bikun da, denean laster egina».

Sarean klik egiteak aukera ematen digu nahi adina eta nonahi bidaiatzeko, neke handirik gabe urrutira begiratzeko, baina bidaiari izatea harago doa. Amalurra bera bidaide bilakatzen da, ezagutzaren gainetik doan musikaltasuna eta elea bailitzan. Urruneko paisajeak imajina ditzakegu, beste hizkuntzak entzun, beste hizkuntzatan amestu. Eta, amalurra ezagutuz, geografia ezezagunetan bidaiatzeak aukera ematen digu besteak ezagutzeko, maitatzeko edo maitatzen ikasteko; tristurak uxatzeko, zorionari deitzeko, bizi izandakoak oroitzeko eta datorrena bizitzeko.

Mundua aldatu nahi omen dugu: gu geu ezagutu gabe, nekez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!