Hara non iritsi den goizeko lehen ezustekoa: agortu egin dira! Alboko emakumeak ez zuen, antza, ilusio berezirik joateko, baina dio «tradizioa dela eta beharrak agintzen duela». Hark eskuratu du berea.
Artea beste kultur adierazpenen antzera, futbolaren sindromeak jota omen dabil azkenaldian: lehenbiziko mailako partidak jendez gainezka egon eta sarrerak, agidanez, erraz saltzea lortzen dituzten bitartean, entzun dio emakumeari musika-talde hura ikustera lau katu joan zirela azken asteburuan. Haizeak nora, zapiak hara. Baita Bixente eta alboko emakumea ere.
Ez da harritzekoa, badagoelako sarrerak agortzen dituenik. «Musikariak arrakasta behar al du? Zerk eragiten du, bada, arrakasta?», pentsatu du azkar batean. Ez al gaude kultur krisialdian? «Krisia ona da artistentzat eta artearentzat», entzun izan du beti. Eta, «zenbaterainokoa da krisiaren eragina artegintzan?» galdetu dio bere buruari. Akaso miseriak ondratu egiten du artea eta arrakastak zikintzen? Autobus geltokirantz abiatu da eta markesinako argazki distiratsuak erantzun dio oraingoan. Jendeak ezagutzen dituen artistak muturrekoak direla pentsatzen du: arrakasta lortu, dirutza irabazi eta hedabideetan irteten direnak oroitu ohi ditu herriak. Horretarako, baina, ez du beste biderik izango arrakastaren albo-produktuetan jardutea baino, pentsatu du.
Semaforoa gorri jarri da eta itxarotea dagokio, lurrera begira entzungailuak martxan dituzten oinezko-errenkadaren aurrealdean. «Zer ari ote dira entzuten?», pentsatu du. Argi dauka gustuko duela gauza ororen arrasto musikala topatzea. Usaindu ez ezik entzun ere egin ditzake hur-hurretik igarotzean, keinuek eta ibilerek ere baitute euren musikalitatea.
Iritsi da etxera, eta ezin dio hausnartzeari utzi. «Musika egin nahi duen gero eta jende gehiago omen dago, baina gero eta gutxiago entzuteko prest daudenak. Antza, jendea ez dago kontzertuetara joateko egarriz eta talde ospetsuak ikustera joaten da soilik. Topaketa masiboen ordua iristen denean, ados jartzen dira elkartzeko. Baina, nor joaten da 'makro' ez den jaialdi batera? Zertara? Betiko musika, talde eta kartelak, gutxitan ekonomikoa ez den irizpideetan oinarrituta... Edozerk balio al du karpa erraldoia jendez betetzeko? Utikan, zertarako musika?»
Xehetasun, iritzi eta azalpenak emateko gaitasun patologikoa du. Isilik pasako zukeen amorrua, baina ezin izan du. Eta erosi egin ditu. Zin egin du azkena izango dela. In sæcula sæculorum.