Ordena irauli eta zure lekua egiten joan zarelako, ausart eta indartsu. «Gora borroka feminista» gero eta ozenago oihukatzen joan zarelako, feminismo hitza esanahi eta edukiz bete duzulako, eta beste askoren hiztegiko hitz ere bilakatu duzulako. Harro zure parte izateaz eta zurekin batera izateaz.
Hunkituta nago azken egun hauetan eta azken aldian bereziki. Indarkeria matxistaren aurka Gasteizen egindako manifestazio nazional zoragarria buruan baina ondoren Gasteiz eta Angelun izandako erailketa sexistak Sanjoanen atarian (baten batek ahaztu badu, lau emakume eta neskato hil zituzten astebetean Euskal Herrian), Ibarra edota Irungo festetan egindako salaketa larriak, eta orain Sanferminetako erasoaldia eta aldi berean hauei emandako erantzun potentea. Egun hauetan Iruñean zerbaitek krak egin duela iruditzen zait, eraso sexisten aurrean jauzi bat ematen ari denaren sentsazioa, herri harresi bat eraikitzen ari dena. Eta hori zuri esker izan da, mugimendu feministari esker eta urtetan egindako borrokari esker.
Bereziki dut gogoan Iruñean erasotu duten 19 urteko emakumea. Nire besarkada eta animorik handienak. Baina buruan beste asko ere. Polizien eskutik bortxatua izatea zer den badakien Nekane Txapartegi asteasuarra, nola ez, Suitzako espetxe batean dutena. Muxu erraldoi bat hemendik.
Zuengatik, gugatik eta datozenengatik jarraituko dugu autodefentsa feminista lau haizetara zabaltzen eta herri harresi hori eraikitzen erabateko askatasuna lortu arte. Emakume askori mugimendu feministak eman digun askatasun hori izan dadila denon ortzimuga. Kaleak, gauak, denak izan daitezela gureak ere. Ausardia ez dugulako inoiz galdu, baina askatasuna delako behar duguna.
Ikasturte honetako nire azken kolaborazioa mugimendu feministari, gu geuri, ze demontre! Emandakoa eta jasotakoa asko delako eta horretan jarraituko dugulako jo ta su. Gora borroka feminista!