Tribuak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2016ko mai. 22a, 12:00

Udaberri garaiarekin batera eta egun luzeenak San Joanak bitarteko hauek ditugula lagun, ordu gehiago pasatzen ditugu kalean helduok zein haurrek. Plazatik etxera, etxetik plazara, frontoi atzeko txoko ezkutura, oiloei ogia botatzera edo bizilagunaren etxera, gero geurera eta segidan aldamenekoarena.

Horrela dabiltza haurrak Gaztelun. Zabalik daude ateak eta sartu irtenean dabiltza etxetik etxera. Deitu bizilagunak, auzokideak, komunitatea edo tribua, nahi bezala.

Politikagintza publikoan aritzeagatik lehenik, emakumeon hilerokoa kontu politikoa dela (eta ez zikina eta ezkutatu beharrekoa) esateagatik ondoren eta haurrak tribuan hazi behar direla iradokitzeagatik orain, etorri zaio birao tsunamia Anna Gabriel CUPeko kideari eta beste zenbaiti.

Tribua aipatuta akaso bati Afrikako klanak edo komuna hippyak etorriko zaizkio burura baina ez dago haraino joan beharrik XXI. mendeko Europa honetako testuinguruan kokatzeko hitzok. Ez dago haraino joan beharrik ohartarazteko guraso bakoitza gure haurraren zilborrari begira gaudela eta gurasook enplegua eta zaintza hala moduz uztartuz nahiko lan izaten dugula zilbor horri behar bezalako arreta eskaintzeko. Bi eskurekin soilik ezin da eta lau ere gutxi izaten dira askotan. Zaintza eta babes sareak beharrezkoak dira, galde diezaietela aitona-amonei bestela. Eta kontziliazio neurriak, non, nola, noiz? Hasterako amaitzen diren bajak (aitatasunarenak bereziki) edota murrizketak, soilik emakumeok har ditzagun mekanismo ilunak gordetzen dituztenak.

Komunitate horren barruan eta haurren zaintzan elkarri laguntzeko aukera gehiago ematen dute ziurrenik herri txikiek. Baina kargu hartzen al diegu gureak ez diren haurrei? Babesten al ditugu gureak ez diren haurrak? Beste guraso batek gure haurrari gaizki jokatu duela esatean nolakoa da heldu horrengan sortzen zaigun ezinegon edo haserrea? Eta parkean gure haurrarekin gaudela aldamenekoaren haurrari ere begiratzea asko kostatzen al zaigu? Ez dira berriak elkarbizitza modu hauek, «tribuetan» dute jatorria akaso baina orain gutxi arte mantendu dira gure herri eta auzoetan. Baina gero eta indibidualizazio sakoneragoko bidea hartzen ari garen honetan ohartarazpena dira Anna Gabrielen hitzak. Eta ez bakarrik hazkuntza kolektiboari dagokionean baita komunitate horren barruan emakumeongan erortzen den zamaz ohartarazi eta iraultzeko ere. Pertsonen bizitzak erdigunean jartzeaz asko hitz egitean da azken aldian, noiz jarriko dugu zaintza lehentasunen artean? Europako azken indigenak omen gara euskaldunak, geure esku egon liteke XXI. mendeko tribu berriak sortzea ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!