Gipuzkoan soilik dago laguntza hau, eta ez dutela gure lurraldea uharte izatea nahi adierazi du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak. Antza, oso erakargarriak gara gipuzkoarrak, ederretan ederrenak, baina ez dute edertasun hori alderdikide dituzten eta Bizkaiko eta Arabako aldundiak gobernatzen dituzten EAJ-PSEra edota Nafarroako Gobernura hedatu nahi. Herritar orok oinarrizko bizi baldintza duinak izaterik ez dute nahi, aberatsak erakarri nahi dituzte, aberatsentzako gobernatu nahi dute. Horiek dira euren edertasun kanonak betetzen dituztenak. Zergatik bestela gobernura iritsi eta fortuna handien gaineko zerga erreformatu, alegia, aberatsek zerga gutxiago ordaintzea bideratu? Eta orain larrialdi laguntza kendu.
Eta bilatu dute horretarako formula perfektua gainera, etorkinak. Etorkinak uholdeka, masaka datozela esan, itsusiak, oso itsusiak direla irudikatu (errefuxiatuekin ikusten ari gara animaliak bailiran tratatzen ari direla, garela) beldurra hedatu eta herritarron eskubideak murriztu. Ze, gure mugen kanpoan kokatu dituzten herritar horiei, deitu errefuxiatu, iheslari, immigrante edo etorkin, haiei lotsagabeki eskubideak kentzen ari diren bezala, muga horien barruan gaudenoi ere kenduko dizkigute eskubideak berdin-berdin. Borrokatutakoak diren eskubideak, lortutakoak, eta borrokatzen jarraitu ezean kenduko dizkigutenak. Hau eliteak langile klasearen aurka gogortu duen erasoa da, ikusten al dugu? Lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak sortu nahi dituzte eta ez dakit jabetzen ote garen gure klase ertain horretatik, estatus berezi bat izango bagenu bezala, baina gure 1.000 euroko soldatarekin (iristen bada horretara!) hilabete bukaerara ezin iritsiz gabiltzan bitartean.
Errefuxiatu uholdea omen zetorren eta esku bakarrean kabitzen dira gurera etorri direnak, etortzea ahalbidetu dutenak. Uholdeak, masak, irudikatzen dituzte baina errealitatea bestelakoa da. Ikuspegik berriki egin duen inkestaren arabera, immigrazioa %17,9koa delakoan gaude baina errealitatean kanpotik etorritakoak %8 dira. Europak bezala itxi nahi die atea Gipuzkoak immigranteei baina batik bat pobreei, langileoi. Gipuzkoa elitista bihurtu. Dirua pilatu, zergak ez ordaindu eta, nork daki, akaso paradisurako bidea hartu. Panamako paperetan ministroak jada ugaritzen ari dira. Erakartze efektu hori noraino iritsiko ote da? Bitartean, errenta aitorpena egin beharko dugu langileok.