Begirada zolia

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2016ko ots. 28a, 10:30

Pasa den asteburuan Espainia eta Frantziako espetxeetara 40 martxa inguru egin ziren bitartean, niri Vivonera joatea egokitu zitzaidan autoz, beste hainbat eta hainbatek astebururo egiten duten bezala. Hiru lagun, bakoitza bere laguna bisitatzera. Raul, Izaskun eta Maite. Giro onean, hau eta besteaz hizketan feminismoa agertu zen arte. Nola diren gauzak, aurreko bidaian ere feminismoa izan zen gure giro «jatorrean» arrakala sortu zuena, eta oraingoan ere.

Bi emakume eta gizona gindoazen eta azken honen aipamena: «Feminismoaz eta berdintasunaz nik uste dut errealitatean dena baino gehiago hitz egiten dela, areagotu egiten dela». Eta beste bion erantzuna: «Zuk ez duzulako zure azalean bizi». Eta besteak lauzpabost adibide jarri zizkion segida-segidan: «Zuk gauez etxerako bidean ez duzu beldurrik pasatzen, bi asteburutan segidan mutil desberdinekin liatzeagatik ez dizute kargu hartzen, ez duzu wapa lizunik entzun behar obra baten ondotik pasatzen zaren bakoitzean, edota bi alabekin kanpinera joan eta bakarrik denda muntatzen ari zarela kanpin erdiaren ikusminik ez duzu bizitu». Botere harreman horiek ez zituen bere azalean bizituak eta nekezagoa zitzaion ikustea.

Kartzelako bidean gindoazen eta ezin burutik kendu espetxeen abolizioa aldarrikatzen duen eta zapalkuntza hirukoitza ederki teorizatu duen Angela Davis ekintzaile afroamerikar feminista marxista (Women, race and class liburua). Emakumea, beltza eta komunista (baita lesbiana ere), «ze bazterketa gehiago egon daiteke gorputz batean?», zioen Laura Mintegik. Eta kontua da zapalkuntza horietatik borroka bat eta bakarra egin duela, daramala Davisek, justizia sozialaren aldekoa. Eta nago guk konpartimentu estanko bezala ulertzen ditugula, orain euskaldun, gero langile eta akaso feminista. Eta bai euskaldun edo langile edo emakume bezala, edo hirurak, biak eta konbinazio guztiak eginez, botere harremanak ikusteko eta zapalkuntza anitzak antzemateko begirada zoliagoa izan beharko genukeela. Horretan pribilegiatuak garelako, geure barruan bizi ditugulako. Hau ez da gure bakea! Feminismoak egingo gaitu herri, dio Bilgune Feministak, normalizazio eta bake garaian bizi garela dioten arren, emakumeon bizitzak ez daudelako erdigunean. Eta gatazka politikoaren beraren definizioan ikuspegi feminista gaineratzeak gatazka berriak, dialogo berriak, subjektu berriak, protagonista berriak azaleratzen ditu. Batzuen atzera pausoa eta besteon aurrera urratsa ekartzen du. Eta akaso orain arte ezagutu ez ditugun beldur berriak ere eratorriko dira. Baina bakearen aroa bada, denontzako bake garaia izan behar du.

Kartzelarik gabeko jendarte ereduaren hausnarketa hurrengorako utziko dugu. Angela Davis irakurtzen jarraituko dugu artean. Zuetako zenbatek ezagutzen du Davis? Edo ezagutzen zuen Euskal Herrira etorri aurretik? Eta Malkom X?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!