Ezpala eta besteak aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2016ko urtarrilaren 24a

Estreinatu dugu urte berria eta horrekin batera etorri da aste honetan 2016 Kultur Hiriburutza Donostiara, guztiok harrapatuko omen gaituen hiriburutza, baita Gipuzkoa eta Euskal Herria ere. Eskualdeko hainbat txokotan ospatu den San Sebastian egunarekin batera etorri da izendapena, Europar Batasunaren bandera eta ereserkiarekin batera, eta honi egindako txistukada ozenak lagunduta, hiriburutzaren jatorrian dagoen Europar Batasunaren politika sozioekonomikoak salatu nahi zituen txistukadarekin.

Sentipen desberdinak sortzen dizkit hiriburutzak, Donostiako Piratek kaleratu duten oharrean islatuta topatu ditudanak. Bertuteak ikusten dizkiote hiriburutzari, kultur sortzaile hainbatentzat plaza eta erakusleiho izango delako eta «alternatibo» edo «kritiko» izan daitezkeen proiektuak barnean biltzen asmatu duelako. Baina kultura anitz guztiak kontutan hartuko ote direnaren kezka sortzen da aldi berean, boterea duenak erabakitzen duelako kulturen arteko elkarbizitza arauak zein diren. Eta Kortxoenea gaztetxearen eraisketa oso presente dugu askok.

Ez nuen Kortxoenea barrutik ezagutzeko aukerarik izan baina gaztetxe edo gune autogestionatu bateko kide izan denak badaki zer den proiektu horrek ematen dion ahalduntze indibidual eta kolektiboa eta honek botereari sortzen dion dardarizoa. Zer esango diegu Ezpalako kideei. Udalak bizkarra eta ertzainek egurra eman diena. Baina argi diote egun hauetan bizitutakoa, egindako lagunak eta bildutako indarra ez diela inork kenduko. Bejondeizuela!

Gogoan ditut oraingo eta aurreko Bonbereneetako hasierako okupazio egunak, ez zait egokitu Otsabi barrutik ezagutzea baina bai bere barruan egotea, Inpernuz gozatzea edota horma arteko espazio beharrik gabe sortu zen Txapin Festan buru belarri ibiltzea. Potenteak dira Iruñeko Euskal Jai edo Bilboko Kukutza barruan sentitutakoak edota eskualdean bertan ditugun Ibarra, Alegia edota Anoetako gaztetxeetan bizitutakoak. Mugimenduan dauden gazteak eta pertsonak, kultura aurrean jartzearen zain egon gabe kultura egiten, sortzen ari direnak, aisialdi hutsetik haratago eraldaketa soziala bultzatzen ari direnak, izan okupazioaren edota beste bide batzuen bitartez. Guztiak zilegi, kontutan izatekoak eta bere aniztasunean aberatsak. Kultura zer den galdetuta horrela erantzun zuen Xabi Paya Donostia 2016eko Kultur Programaren zuzendariak elkarrizketa batean: «Natura berez gertatzen dena da, eta kultura, gizakiak egin duen gainerako guztia. Gizatalde bat osatzeko, antolatzeko, elkar ulertzeko egon litezkeen balio, sinesmen, portaera, eta abar guztiek osatzen dutena». Kultura garrantzitsuegia da besteen esku uzteko. Ezpala eta besteak aurrera!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!