A20az haratago

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2015ko abe. 18a, 18:02

Amaitzear da hauteskunde kanpaina. Inor gutxi egongo da bi asteko hauteskunde kanpainaren bonbardatzeak nekatzen ez duenik, Rajoy eta Sanchezen arteko aurrez aurrekoak denboran atzera eman ez duenik.

Rajoyk Pontevedran jasotako zaplaztekoa izango al da datorrenaren iragarpen sinbolikoa. Baina zaplaztekoak jasota ere nago, 78tik arrastaka datorren erregimen haren benetako hausturarik ez dutela ekarriko inkestek nahiko goian jartzen dituzten gainerakoek ere. Eta bada, garai bat, erregimen bat, atzean utzi eta berri bati ekiteko garaia, hainbat korapilo askatzekoa. Abenduaren 20a igaro, aurrera begira jarri eta independentziarako bidean eta herri honetako gatazkaren konponbidean urratsak emateko gogoa, beharra hala sentitzen dut nik. Epe motzean dugun hitzordua baliatu dadila epe luzera begirako baldintzak sortzeko.

Bertako ezkertiar eta independentistengan dut nik konfiantza jarria. Madrilen aldaketa gertatzearen zain egon gabe, prozesu eratzailea bertatik egitea, Estatu bat 0tik eraikitzen hastea eta independentziarako bidea ikusten hastea, Katalunian ari diren bezala. Eta gure kasuan, burujabetza eta bakegintza txanpon beraren bi aldeak direla ulertuta, batak bestea ekartzea.

Korapiloak askatu eta independentziarako bidea nola marraztu, askok geure buruari egiten diogun galdera. Eta bide horretan gogoeta interesgarri asko mahai gainean jarri direnak azken aldian. Horietako bat ekarri nahi nuke hona, Otorduak ekimenean Unai Apaolazari entzundakoak. «Ez naiz abertzale, baina bai independentista», dio berak. Independentziak sentimendu indentitario batetik haratago joan behar duela nabarmentzen du eta independentziazale gehiago batzeko bidean arlo soziala txertatzea. Independentzia hobeto bizi nahi dugunon proiektu politikoa izatea; soldata hobea nahi duenarentzat, euskaraz bizi nahi duenarentzat zein parekidetasunean harremandu nahi duenarentzat. Abertzaletasuna alboratu gabe baina identitate anitzak errespetatuz eta etorkizunerako proiektu hobe bat eskainiz gehiengo berriei. Izan ginenari eta garenari garrantzia emanez baina izan nahi duguna mahai gainean jarriz.

«En mi coño y en mi moño mando yo!» hitz gogoangarriak esan zituen Madrilgo kongresuan datorren legegintzaldian ere bertan ikusi nahiko nukeen Onintza Enbeitak. Iraganeko erregimenak hausteaz gain dena erabaki nahi dugulako gutako askok.

Gure artean ez daudenak beti gogoan bereziki hutsuneak hutsuneago egiten diren gabon giro honetan, muxu bat kartzeletara!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!