Elizaren ordez goian zeru sabaia eta hanka azpian belarra, Uzturre guri begira eta Oriaren urak ahapeka. Apaizaren sermoiaren ordez alabaren kantua, lankideen hitzak, ilobaren bertsoak, seme-alaben lagunen kantu eta dantzak eta zure bizitzaz lehengusuak ederki laburbildutako errepasoa. Azken dantza hau zuk eta gertukoek nahi zenuten bezalakoa. Ederra.
Zergatik elizak, zergatik sermoiak? Zergatik ez bakoitzak bere pintzeladaz margotutako koloredun koadroak, ahoan irribarrea marrazten duten dantza alaiak edota negar tantekin nahasten diren umorerako tarteak? Bizitza bakarra dela pentsatzen dugunontzat heriotza eta agurra garrantzitsuegiak direlako arrotzen esku uzteko. Agurra bera ere nolakoa izatea nahi dugun erabakitzea, irabazi beharreko beste eremu bat ere badelako. Horretarako indarra ere behar delako.
Urkolatarren bat gertuko dutenek jakingo dute mahaiaren bueltako hitzordu horiek ze garrantzitsuak dituzten eurenean, hiztunak, asko hitz egitekoak omen dira. Hala kontatu zuen lehengusuak. Lezioa eman zidaten niri behintzat igandean, hitz egin bakarrik ez, maite dutena zaindu, goxatu eta hori adierazten ederki dakitela erakutsi zuten, eurek gustuko duten eta egiten dakiten moduan. Eta horretarako indarra ateratzen ere badakitela momentu zailenetan ere.
Gogoratzen dut Miren, kazetaritza ikasketak hasi berritan zuen etxera joan nintzenekoa, lantxo bat tarteko. Ondoren, Bilduk ekarri zuen haize fresko harekin Tolosako Udalean berdintasun zinegotzi ezagutu zintudan. Bi egunetan mundua aldatuko zuela pentsatzen zuen honen aurrean zure urrats pausatua, gertukoekiko zure lehentasuna, maite zenituenekiko goxotasuna, zaintza, denbora eskaini beharra. Beti hunkitu nau zuen etxeko lotura sendoak. Eta beti topatu dut irribarre bat zure ahoan.
Lasai joan zaitezke, Miren. Ederki goxatu zaituzte gertukoek azken unera arte. Zuk beraiek goxatu dituzun bezala. Hileta zibilik ez, hitza bera ere aukeratzen hasita nahiago aukeran agurra. Agur eta ohore Miren, plazer handia izan da zu ezagutzea. Muxu handi bat Ramon, Garazi, Ioritz eta gurasoei.