Errefuxiatuak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2015ko urr. 11a, 10:00

Ez da hautu askea, behartuta uzten du norberak bere herria gerra eta errepresiotik, pobreziatik ihesi, bizitza hobe baten bila edota bizitza proiektu autonomo bat garatu nahian.

Laster Siriatik edo Afganistandik gurera iritsiko direnak errefuxiatu politiko gisa izendatu dira, aurretik mordo batek gurera etorri beharra izan dutela ia ahaztu zaigunean eta errefuxiatu ekonomiko bezala identifikatu nahi ditugunean. Guk bietatik dugu gure herrian, errefuxiatu politikoak zein ekonomikoak. Gatazka, arazo, krisi —deitu nahi diozuen bezala— zerbait dugunaren seinale. Politikoari dagokionean, azken atxiloketek edota Ortuzarri Kataluniakoak inbidiarik ez diola ematen entzuteak argi uzten dute zenbait aldetatik ez dagoela egoera aldatzeko nahirik. Keinu baikorra bertako PPtik etorri da azken egunotan baina 24 ordu baino ez du iraun Quirogaren proposamenak.

Errefuxiatu ekonomikoei berriz, azken urteotan Alemania eta Europako beste herrialde batzuetara joan behar izan duten 100.000 gazte ingururi, lasai egoteko, ez dutela zertan kexatu goserik pasatzen ez dutelako, eta egoerak bere horretan jarraituko duela gogorarazi die Pello Gibelalde Adegiko buruak. Ahaztu zaio kontutan hartzea gurean langabezian daudenen erdia baino gehiago gazteak direla, lana izanda ere %70 pobreziaren muga azpitik bizi dela —gehienez 900 euro jasota— eta ondorioz 30 urte arte, bataz beste, ezin dutela gurasoen etxetik joan. Alegia, ezin dutela bizitza proiektu autonomo eta burujabe bat garatu. Ezin zilbor hestea eten, nahi izanda ere.

Lagun batek esaten zidan: «Gazteria izan da helduen munduari alternatiba. Baina gaur egun badirudi balorez hustu nahi dela, funtsik gabe utzi nahi dela eta gaztetasuna mundu heldurako bide bihurtu». Seme-alabekin ere gurasoen etxera itzuli beharra duenik ere bada gure jendartean eta ez gara orain urte batzuetako baserrietan bizi. Ze jendarte eraikitzen ari gara, dira? Pertsona autonomo eta burujaberik gabe ezin herri burujabe bat izan. Jarraituko dugu errefuxiatuak hartzen eta aldi berean errefuxiatuak bidaltzen baina jendarte baten bihotza den gazteria sendo eta burujabe bat izan ezean, alperrik. Guk ikasketak izan genitzan gure gurasoek egindako ahalegina bezala jarraitu beharko dugu borrokatzen errefuxiaturik egon ez dadin ez han eta ez hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!