San Fermin

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2015ko uzt. 17a, 11:59

Zuri gorri kolorea du nire udako opor hasierak. San Ferminekin batera hasten da uda giroa, opor garaia nirean. Zerbaitegatik erakarriko dute hainbeste jende, egia da zerbait berezia badutela Iruñeko San Ferminek.

Gaztetatik joan izan gara lagunak, bazuten transgresioarekin eta mundu berri bat ezagutzeko gogoarekin lotura. Roncalesan egindako bidai haiek zerbait berezia uzten zioten bati barrenean. Atzean utzi ditugu Roncalesako bidaiak baina berdin jarraitzen dugu zapatila eta arropa zuriari San Fermin kolore eta usaina jartzen. Eta zer esanik ez, bereziak izan dira aurtengoak. Giroan arnas zitekeen alaitasun, askatasun sentsazio berezi bat. Jai eredu berri baterako zantzuak lehen momentutik ikusi dira: udaleko balkoian eskegitako ikurrina, herritarrek (eta ez ordezkari politikoek) jaurtitako txupinazoa, edota udal ordezkari berriek egindako keinuak (1978an poliziak hildako German Rodriguezen omenaldian lehen aldiz hartu du parte alkateak edota Nagore Laffage gogoratu eta omendu du zazpi urtean lehenengo aldiz udalak).

Badute kolore beltza ere, halere, Iruñeko San Ferminek eta ez da parrandaren amaieran zapatilek hartzen duten tonuarena bereziki. San Ferminetan beti oso presente dudan esaldia da: kontuz ibili etxerako bueltan, ez erretiratu bakarrik. Eta aurten ere gertatu da, ilundu diote bizia neska gazte bati. Alde Zaharreko lokal bateko komunean gertaturikoak izan du sona gehien, emandako erantzuna ere indartsua izan da. Asko izan dira ordea trasgresioaren festan askatasuna mugatua izan dutenak. Eta burutik kendu ezinda nabil argazkilari bezala lanean zebilela txupinazoaren momentuan udal plazan ikusitakoak kontatu dituen lagunaren hitzak. Eta ez naiz ari hamaika bider ikusi ditugun bular biluzi eta hauen gainean itsasten diren eskuez. Mundua deskubritu nahian Roncalesan joaten ziren 14-15 urteko neska haiek oraindik orain pairatu behar dituztenez baizik, «berriaren» xalotasunaz aprobetxatzen den gizaseme taldearenak. Hemen, zehaztasun gehiago izan nahi duenarentzat: http://zuzeu.eus/euskal-herria/gure-herrietako-jaixetan/.

Bada ordea, San Fermin hauei kontrapuntua jarri dien beste emakume bat eta hau ere burutik kendu ezinda nabilena. Zuri gorriz jantzita azaldu zena Iruñetik Ortzaizeko bere etxera eta bakearen aldeko apologia argia eginez poliziak eraman zuena, baina itzuli dena, zorionez. Grazi Etxebeherez ari naiz. Bestelako etorkizuna nahi dugunontzat herritar bezala dugun arduraz duintasun eta osotasun adibide ederra eman diguna. Aurtengoan, bai, gogoz joango gatzaizkizu bisitan, Graxi, hainbestetan ateak zabalik topatu ditugun zure txokora eta konpartituko dugu elkarrekin hain gustuko duzun San Ferminetako usain hori, aurtengoan zuri ere lapurtu dizutena. Ah, eta motxilan ahaztu gabe sartu beharrekoa, zuritik gutxi baina gorritik gehiago topatzea espero dudan Varoufakisen liburua, ez dakit 14-15 urte izango dituen baina tiburoi artean ibiltzeko Greziako finantza ministro ohiak alabari ekonomiaz emandako azalpena. Apuntatuta zerrendan, ahaztu ez dezadan. Uda on eta ondo bizi! Eta gora San Fermin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!