Hiztegia begiratu eta behorra beti dela zaldiaren emea, ez dela behorra bere horretan. Etxe gehienetan ikusten ditugun sukaldariei generoa aldatzen zaiela telebistan eta errezetarik goxoenak aholkatzen dizkiguten sukaldari aditu horiek beti direla gizonezkoak. Telebista, irratia piztu eta mahai inguru, iritzi emate tarte gehienetan bizar, perilla eta burusoilak direla nagusi. Zenbat gizon ikusi eta entzuten dituzu egunero irrati, telebista eta egunkarietan? 2, 4, 8, 16... Eta zenbat emakume ikusi eta entzuten dituzu egunero irrati, telebista eta egunkari horietan? 1, 2, 3... tik-tak, tik-tak... agortu da denbora.
Demagun behin eta berriz batean eta bestean ikusi ditugun horiek errepikatzearen errepikatzeaz geure buruan giltzatuta geratu direla eta ondorioz gure imajinarioa perilla, bizardun eta burusoilez beteta dagoela, gainezka. Ekonomia nola doan kontatzen digutenak, pasa berri diren hauteskunde ondorengo ezkontzez hitz egiten dutenak, erabakitze eskubidearen erpinak aztertzen dituztenak, kirolaz, eta bereziki futbolaz, minutuak betetzen dituztenak, hein handi batean hedabideetako gai izarrak direnak. Demagun gai izar diren horietaz hitz egiten dutenak bihurtzen direla gure izarrak.
Edo demagun gure ingurunea anitzagoa dela, eta anitzagoa ez denetan ere aniztasunetik begiratuta anitzagoa izan dadin eragingo dugula; akaso ez intentsitate berdinarekin argia egiten dutenak baina bestelako izarrak ere badaudela, eta gai izar horiez gainera bestelakoez ere zer esan handia dutela. Demagun jakintza ez dela soilik perilla, bizardun eta burusoilena. Demagun Euskal Herriko emakume aditu eta arituen biltegi digital bat sortzen dela, Gabiltza izena duela (www.gabiltza.eus) eta akademiako tituluak dituztenez gain bizi esperientziak aditu egin dituen Euskal Herriko emakumeak biltzen dituela. Demagun bertan izena eman dezakezula eta izena ematen duzula.
Demagun irrati, telebista eta egunkariek hauei ahotsa ematen dietela eta esaterako, komunikabide honek ostiraletako tarte honetan egin duen hautua (iritzi emaileak emakumeak izatea) leku gehiagotara zabaltzen dela. Demagun orain desoreka dena gero oreka natural bihurtuko dela; gure komunikabideak, begiradak eta imajinarioak ere anitzagoak izango direla.
Anitzak, hauteskunde ondorengo egoerak aktore anitzak utzi dituen bezala eta igandean bost hiriburuetan herritar anitzak bilduko garen bezala.
Bide batez, babes eta animoak bide berria hasi duten etxeko alkateei, perilla eta bizardun direnak, burusoil ez oraindik. Eta perilla, bizarra edo flekillo motza izan, zorionak eta eskerrak ardura politikoetan orain arteko bidea egin duzuen gertuko guztiei. Bagabiltza.