Herri harresia

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2015ko mai. 22a, 09:00

Ez nintzen Gasteizen izan baina ezin ditut burutik kendu atzamar beltzak sudur, belarri eta ile gazteetatik tiraka, ur txorrotan arnasa hartu ezinik edukitako aurpegi gaztea, beltzez jantzitakoen ahotik neska gazteari jaurtitako irain sexistak, konorterik gabe kolpatutako gorputz gazteak.

Eta ezin ditut burutik kendu, aldi berean, elkar babestuz elkarri lotzen diren gorputzak, ondokoa atxilo daramatela jabetzean besotik tinko heltzen dionaren keinua, arrastaka baina irribarrea ahoan agurtzen dituenarena, ukabila altxatzen duenarena. Amorrua eta harrotasuna, bi sentsazioak bizituko zituen batek baino gehiagok astelehenean Gasteizko herri harresia gertatzen ari zenean. Bi sentsazioak proportzionalak direla esango du akaso Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaleak, erresistentzia baketsuaren aurrean Ertzaintzak izan zuen jarrera oldarkorra halakoa izan zela, «proportzionala», esan baitu. Zer esango ote du herrikide dugun Bake eta Elkarbizitzarako Jaurlaritzako zuzendariak? Gaztaroa atzean utzi eta helduaroan sartzen ari garela gogorarazi dit batek baino gehiagok azken aldian, hala onartu beharko beraz... Nire belaunaldikooi eta gazteagoei ere belaunaldi pasiboa izatea, balorerik gabea, dena eginda jaso izana, ezeren aurka borrokatu beharrik eza, modernoak edo postmodernoak izatea egozten zaigu. Hori dio mitoak, eta errealitateak? Ez al da politika egiteagatik masiboki kartzelatutako belaunaldia gurea ere, torturak pairatutakoa, autoinkulpazioetan oinarritutako sententziak eta epaiketa politikoak bata bestearen atzetik bizitzen ari dena. 40 izan ziren orain gutxi, 28 ondoren, 10 orain...Eta etorri dira Donostia, Ondarroa, Iruña, Gernika, Loiola eta orain Gasteiz; herri harresien belaunaldia ere bada oraingoa. Desobedientzia zibila tresna gisa erabilita eta irudimena, elkartasuna eta duintasuna armatzat hartuta lortu dute mozorroa kentzea Madrilen zigortu dituztenei eta Gasteizen babestu ez dituztenei.

Azken herri harresi honen atarian gertatu ziren lau gazteen atxiloketekin abiatu zen ordu batzuk besterik geratzen ez zaizkion hauteskunde kanpaina. Gazte dinamikoenetakoak jo puntuan egon dira, abstentzioaren atzean ezkutatzen diren eta pasibotzat jotzen diren gazte mordo batengana hamaika mezu igorri diren bitartean. Abstentzioa = gazteak. Honek ere errealitatetik ala mitotik du gehiago? Gazte, bai (emango didazue lizentzia...) baina ez naiz pasibo, balorez erauzitakoa, ezeren aurka borrokatu ez duena kontsideratzen. Arrazoiak soberan igandean etxean ez geratzeko eta nagusitzen diren bi ereduen artean oso argi dut beltza zipriztintzen duen laranjaren alde egingo dudala, nahiago dudala erresistentzia pasiboa sumisio aktiboa baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!