Munstroak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2015ko api. 26a, 10:30

Migratzaileak beren etxera bueltatu behar direla dioten horiek zer pentsatuko ote dute Mediterraneoko uretan gertatu den tragediaz? Eta ez naiz ari Javier Marotoz eta De Andresez.

Emakume batek pairatutako eraso sexista salatzera joan eta gure bizilagunen partetik entzun behar izan ditugunez ari naiz, Tolosan egindako kontzentrazioan «erasotzailea eta bere familia euren herrialdera bidali behar dira» zioten horiez. Ederki erantzun die hitzoi Aizan Talde Feministak komunikabide honetan kaleratutako artikuluan. Besteak beste, zioten Tolosan gertatutako erasoa ezin dela «kanpotar zentzugabe batek hemengo zibilizazio perfektu, lasai eta gatazka gabekoari egindako erasotzat» hartu, indarkeria matxista konplexuagoa eta oso sustraitua dugun auzia delako. Zer esan bestela egunotan epaitzen ari diren Juan Carlos Aguilarri buruz? Ada Otuya eta Jenny Rebollo, bata jaiotzez nigeriarra eta bestea kolonbiarra hil zituena, basatiki gainera. Gure herriko DNA daraman «zibilizatua» kasu honetan azal beltzaraneko bi emakume prostituta jipoitu, bortxatu, akabatu eta gorpuak zatitzen, haien bizitzek oso gutxi balio zutela sinetsita.

Munstro gisan jartzen ditugu askotan horrelako pertsonak, erasotzaileak, eta kezka sortzen dit munstro horren itzal handiak ez ote dituen beste munstro txiki asko ezkutuan uzten. Ez ote garen elkarretaratzera batzen munstro zehatz baten aurka ekiteko eta egunerokoan inguratzen gaituzten milaka munstro ahazten edo ahaztu arazi nahi izaten, aldi berean. Azal zuriko munstro asko ditugulako inguruan, etxeetako eremu pribatuan babesten direnak, dirua poltsikoan prostituzio sareetatik urrun ez dabiltzanak, laguntza sozialen beharrik gabe denon dirua ederki lapurtzen dutenak Mediterraneoko uretan biziraun beharrik gabe.

Mediterraneoko uretan hil diren afrikarrak, Europa ekialdekoak edota Amerika hegoaldetik etorritakoak jatorri anitzekoak badira ere geurera etortzeko arrazoiak batzen ditu: gerra eta pobreziatik ihes egitea. Eta mendebaldar zuri pribilegiatuok zerikusi zuzena dugu pobrezia eta gerra egoera horietan.

«Migratzaileak beren etxera bueltatu behar dira» esatea ez al da Melillan eraiki duten harresiaren antzekoa ezartzea aldamenean, Nazio Batuen Erakundeak eta GKEek urgentziazko laguntza humanitarioa eta migrazioaren bide legalak martxan jartzeko eskatzen dutenen aurrean Europar Batasunak hartu nahi dituen kontrol polizial eta neurri militarizatuak hartzea? Hilerri erraldoi bihurtzen ari den Mediterraneoan migratzaileak akabatzen uztea? Ateak ixtea, azken finean. Ardura maila desberdina dugu agintari eta herritarrok baina guztiok dugu geurea. Egoera berrietan beharrezkoa izango da elkarbizitzarako politika egokiak martxan jartzea baina argi izanik ez dugula inolako erasorik nahi, ez arrazoi matxista, arrazista edo bestelakorik duenik. Eraiki dezagun inolako munstrorik gabeko jendartea guztion artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!