Txarangen erritmora egindako dantzak, dianarako esnatzeak sortzen duen zirrara, mozorroaren paperean sartuta ikusi eta bizitako hamaika une autentiko, euriagandik babesa hartuta taberna, txosna eta sagardotegian bilatutako aterpe eta giro ezin hobea... Momentu gogoangarri asko ziur aurtengo inauteriek ere bakoitzari utzi dizkionak. Zer esango dugu ba, hala bizi ditugu tolosar gehienok... Ez gara ezeren zilbor baina maite dugu geure geurea duguna.
Eta harro gainera. Geure inauteriek izaera herrikoi hori mantentzen dutelako, irudimenaren eta askatasunaren sinbolo direlako, satira eta kritika (zuzenekoa ala zeharkakoa) mantentzen dutelako, egun batzuez bada ere mundua hankaz gora jarri eta ezarritako ordena apurtzeko gai garelako eta horrek ongi sentiarazten gaituelako, bizirik gaudela konturatzen garelako, bizitzarekin eta bizitzearekin maiteminduta gaudela ulertarazten digulako. Mozorroak janztearekin batera ez ote dugun urte osoko mozorro astun hori erantzi. Maskara eta hipokresiak alde batera utzi eta nahi dugun hori izan, garen bezala agertu ondokoaren aurrean. Estuegi geratzen zaigulako akaso urte osoko errutinan ezartzen zaigun jantzia eta horrekin apurtzeko ere baliatzen ditugulako inauteriak.
Sardinaren ehorzketarekin bukatu dira gureak baina mozorro festak jarraitzen du inguruan ordea. Eta gure inguruko desfile politiko, soziala beldurgarri eta dramatikoa ere bihurtzen ari da. Falciani zerrenda, Mario Fernandez eta Mikel Cabieces, Osasuna futbol taldea eta Hiriko, zer dira inauterietako urrezko karrozaren errege erreginak? Ez, iruzurra eta ustelkeria lege eta maskara politikoekin mozorrotzen jarraitzen dutenak.
Herritarrok askotan inauteriak behar egunerokotasunean ezartzen zaigun mozorro ertsi horretatik irteteko. Beste batzuk berriz mozorrorik gabeko inauteriak urte osoan bizi dituzte. Elurraren ostean etorri da euria eta guk badakigu euria eta mozorro uztarketa horretatik zerbait. Sabino Cuadrari irakurri diot oraintxe, hain zuzen, elurraren urtzeak eta euriak ordea, uholdeak ekar ditzakeela eta batzuk guztiz itota geratzeko arrisku handia dutela. Hori salbatzeko mozorrorik ba ote? Pasa berri ditugun jaiak izan daitezela mozorro pertsonal, sozial eta politikorik gabeko inauteri berri baterako deia. Inauterietan azaleratutako ilusioa bihur dadila egunerokoan errealitate.