Behin batean...

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2015ko urt. 18a, 11:47

… mugikorrak aztoratuta esnatu ziren. Kafesnearekin batera whatsapp mezua: «Minde atxilotzen ari dira Ibarran. 16 atxilotu, horietatik 12 abokatuak» eta etengabeko mezu dantza nagusitu zen egun osoan.

Kaputxadunak atera ziren patrol berdeetatik Ibarra, Etxarri, Hernani, Bilbo, Iruñeko kale eta egoitzetan sartu ziren eta topatu zuten topatu ere altxorra, bezperako egunetan milaka argiren babesean bildutako elkartasun txanponez betetako kutxa. Listo koartada, iruzurra, diru zuriketa, ogasunari ezkutatu izana...eta horrela, giza eskubideen aldeko aktibistak iruzurgile lapur bihurtu nahi izateraino. «Lapurreta eta iruzurraz badakite zerbait gure agintariek», pentsatu zuten euren barrurako patrol berdeetatik ateratako kaputxadunek. Herritarrak atera ziren kalera, #AbokatuakLibre eta #JeSuisBasque bihurtu ziren sare sozialetako trending topic eta, bien bitartean, eskuburdinak jarrita eraman zituzten herritarren mandatari nagusien hitzak: «Desleial izan zaigu erreinu espainiarra, ez digu operazio honen berri eman», esanez. Bozeramalearen hitzak ziren horiek, Urkullu mandatari nagusiak out jarraitu baitzuen hurrengo egunetan ere (Aieteko konferentziak Patxi Lopez AEBetako tren batean harrapatu zuen bezala). Eta erreinu espainiar hartako buruak berriz, euskal lurretan askatasunak eta eskubideak murrizten zituzten bitartean, #JeSuisCharlie leloa hartuta bezperan Parisen paseatuz ikusi genituen askatasunaren izenean.

Mate izena jarri zioten operazio edo espektakulo ilun hari (espektakulo, ez balu herritar zehatzen bizitzetan eta herri baten egoeran eta geroan eragingo). «Barkatu, ez dut ondo ulertu, Marte? Ez, ez Mate, Xake Mate. Ya, baina erregerik ez dagoen lur honetan ezin Xake Materik egin, ala?». «Berdin dio, gure erregeak inposatzen ditugu eta gainera guk soilik erabil dezakegu hitz joko hori, zuk erabiliz gero auzitara eramango zaitugu eta!».

Whatsapp-ak eta trending topic-ak izorratzen du istorioa, bestela orain hamarkada bateko kontua izan zitekeen. Denboran atzera sentiarazi gintuzten kafesnearekin batera jasotako mezu haiek. Ez diogu alabari kontatuko gaur gauean ipuin hau, ez diogu amesgaiztorik opa (egunotan ikusi ditugu ordea, aita edo amarik gabe utzi dituzten haur txikiak) baina kontatuko diogu hemendik denbora batera, iluntasuna ezarri nahi duten horien gainetik larunbatean Bilbon gailendu zen argia nagusitzen den egunean. Egun hurbilean. Hala nahi dugulako lur honetako gehienok eta hala izan dadin egingo dugulako bakoitzak gure moduan eta eremuan. Bihar Donostian beste argi izpi bat utziko dugu marraztuta Antiguoko tunela zeharkatzean, parean ditugunak itsutzerainoko argi-izpiak nagusitu arte.

Muxu bat Minde, Oihana, Aitzol eta gertukoei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!