Pop-ak eta loreek hunkituta

“Musika talde eta bakarlariek bere buru edo zilborrei begiratu ordez, sortzen dituzten abestiek musikazalea hunkitu eta zirrara sortzean jarri beharko lukete arreta” Gorka Urbizuren hitzak dira Denbora da Poligrafo Bakarra lan berriaz. Ez naiz Berri Txarrak taldearen zale bereziki amorratua izan baina aitortu behar dut orain gutxi kaleratu zen Lou Reed-en omenezko bilduman Gorka Urbizuk interpretatzen duen kantuak zeharo harrapatu ninduela eta taldearen lan berri hau ere barruraino sartu zaidala.

Zer izango ote du musikak, kulturak, hainbeste hunkitzeko bat baina aldi berean entretenimendu hutsal balitz bezala tratatua izateko? Kontzientziak astintzeko tresna eraginkorregia ote? 20 urteko ibilbidea borobiltzeko 20 kantu berri egin ditu Berri Txarrak taldeak hiru CDtan banatuta eta bigarrenak sortu du akaso harridura gehien, poperoenak. Baina azala “arinagoa” izanagatik letra gordinenak, ilunenak dituena. Gozo sartzen dena baina behin barruan gogortasunaz kontzientzia pizten duena. “Distortsio gutxiago dago lan honetan baina arinkerian erori gabe” gaineratzen du Urbizuk.

Eta atentzioa eman dit taldeak Euskal Herrian bost lekutan baino ez dituela kontzertuak emango datozen hilabeteotan (eta urtarrilean Donostian lau egunetan segidan emango dituzten kontzertuetarako sarrera guztiak agortu dira). Frantziara joko dute, ia Espainia osoa zeharkatu eta gero Alemaniara jauzi egiteko. Europaz gain, Hego-Amerika, AEBk eta Asia ez dira berriak taldearentzat. Baina atzerrira jotzeko euren arrazoia da gustatu zaidana: “Erosotasunean ez erortzeko eta erronka berriak bilatzeko. Gure herri txiki honetan norbait izatea akaso erraza da, mundu mailako eszenan zure lekua egitea da zailagoa”. Talde hau ez da mundu mailako eszenan leku bat egiten ari den euskal sortzaile bakarra. Burura datorkit berriki gurean aurkeztutako Loreak pelikula, nazioarteko hainbat jaialditatik dagoeneko igaro dena eta sariak ere jasotzen ari dena. Gure hizkuntzan, eta kalitatez, munduan barna lekua egiten ari diren sortzaileak dira, gure mundu ikuskera munduratzen ari direnak askok axalekotzat jotzen duten kultura horren bidez.

Diskoak erostea jada modan ez dagoen honetan aitortu behar dut erosi dudala Berri Txarraken disko berria eta zinema areto bat aspaldi zapaldu ez nuen arren loreek erakarrita gerturatu naizela. Kontzeptuak higatu eta aldarriak hutsal bilakatu nahi diren garaiotan musikaz eta irudiez apaindutako hitzek hunkitu naute. Aste honetan izan dugu Euskararen eguna, egunotan izango da euskal kulturaren plaza nagusia, Durangoko Azoka. Jarrai dezagun geuretik geure buruak hunkitzen eta ondokoei ere zirrara eragiten, pop-a eta loreak ere balia ditzagun horretarako, zergatik ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!