Komandanteak

Nora joaten dira esan gabeko hitzak? Zenbat dira momentuan isildu eta ondokoa edo maite duguna joatean esan gabe geratzen zaizkigunak? Santu Guztien edo hildakoen egunaren ondoren burutazio horiekin nenbilela bat-batean agur usaina duen Kobanetik iritsitako gutun hunkigarri eta gordina ordenagailuko pantailan, «Ondo nago, ama» izenburua duena. 19. urtebetetzea ospatu berritan Narin emakume borrokalari kurduak Kobanetik amari bidalitako gutuna da. 

Bertan dio, bere urtebetetze egunean Azad lagunak amei buruzko kanta polit-polita abestu zuela eta berarekin gogoratu zela, eta negar egin zuela, faltan botatzen duela. Bederatzi borrokalariz osatutako taldea dela eurena, bi tiro dituen lagun bat artatu berri dutela eta siriar senide zauritu eta iheslari ugari hartu dituztela euren artean. Indar basatietatik defendatzen ari direla hiria, kilometro gutxi batzuk besterik ez daudela haien eta euren artean, besteen bandera beltzak ikusten dituztela, haien irratiak entzuten dituztela. Ez dutela kaferik izan bolada batean baina kaferik gabe ere bizitza ederra dela. Baina «egia esateko ez dut inoiz zurea bezalako kafe goxorik hartu, ama» gaineratzen du Narinek. Herrimina dutela denek eta etxera itzuli nahi dutela baina gerra horrek ez dakiela herrimina zer den. Balitekeela etxera ez itzultzea, hala bada, «jakin ezazu zurekin egotea izan dela nire ametsa denbora guztian». Eta badakiela Kobanera etorriko dela ama egunen batean bere azken egunen lekuko izan den gunera. Frankotiratzaileen bala-zuloz jositako ate berde bateko etxean, ekialdera ematen duen leihoan bere izena ikusiko duela tinta gorriz idatzia... Leihoaren atzean egon dela zain, azken uneak zenbatzen, leihoko bala-zuloetatik barrena sartzen zen eguzkiaren argiari begira…Leiho horren atzean kantatu omen zuen Azadek bere amari buruzko bere azken kanta. Ahots ederra omen zerion “faltan sumatzen zaitut, ama” esatean. (Gutuna lotura honetan topa daiteke euskarara itzulia http://elearazi.org/2014/10/22/ondo-nago-ama/).

Kobane Siriaren menpeko Kurdistanen dago eta 40 egunetik gora daramatzate borrokan Estatu Islamikoaren kontra. Bi emakume komandante ari dira zuzentzen guda, beste hainbat emakume zein gizon alboan dituztela. Urteetan emakumeen borrokak bigarren mailara beheratu zirela ulertuta, iraultzaren lehen lerroan aritzea erabaki zuten emakume kurduek, euren armada propioa ere sortuz. Gaur, Kobanen, erresistentziaren ikur baino zerbait gehiago bihurtu dira. Gure herria ez da Kobane baina konpromisoa ez da falta. Komandante asko ditugu eta horietako asko dira amak. Lehen lerroan daudenak eta bigarrenera igaro direnak, baina lehen lerrokoek lehen lerroan jarrai dezaten ezinbestekoak direnak. Etxeetako komandanteak. Ama, segi kafea txikoriarekin egiten, guretzat hala izango da goxoen beti. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!