'Eztet eskola jun nahi'

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2014ko urr. 12a, 14:00

Nori ez zaio bihotza uzkurtzen bi urteko haurrak begietara begiratu eta ez duela eskolara joan nahi esaten dizunean.

Eta zer esanik ez motxila bizkar txikiaren gainean duela negar malkotan uzten duzunean. Eskola, autobusa, motxila, mantala bera ere... Dena geratzen zaio handi! Eta zure barrurako pentsatzen duzu: «Ez zaizu ba ezer geratzen...».

Eskola hasierarekin batera iraila egokitzapen garaia izaten da familia askorentzat, haur zein gurasoentzat (eta aiton-amonentzat). Ordutegi, espazio eta lagun berrietara egokitzeko garaia. Buruhauste bat baino gehiago sortzen dizkiguna gurasooi, egia esan; denbora moldatu beharra, oporrak hartu zenbaiten kasutan, aiton-amonen laguntza ezinbestekoa (ahal duenak)... Izan ere, lana eta familia uztartzea norberaren kontu pertsonala izaten jarraitzen du antza agintari askorentzat, kontziliazio neurrietarako dirua «agortu» egin dela dio-eta Jaurlaritzak. Zaintza ez omen da lehentasuna gurean.

Baina etxeko altxorrak bere bidea egin behar du eta bide horretan eskola beste urrats bat gehiago izango da, munduratzeko urratsa. Hemendik aurrera behin baino gehiagotan egokitu beharko du espazio, ordutegi eta jende berrira. Ez al dugu ba bizitza osoa egokitzen pasatzen? Inor ez dago egoera berriek sortzen duten tentsio eta kirioetatik libre, tresnak behar ordea egoera berrietara egokitu eta hauei ongi etorria emateko. Eta norabide horretan gehien maite dituzunen babesa eta konfidantza izanez gero bide erdia eginda. Are gehiago, eskolako hezitzaileak, jantokiko zerbitzari eta sukaldariak, autobuseko laguntzaile eta gidariak, atezain eta idazkariak, baita maoizko galtzak jantzita daramatzan ikastetxeko langileak edota garbitzaileak ere harrera atsegina egiten badizute. Horrela dena askoz ere errazagoa da.

Iraila joan da, etorri da urria, eta gure haurrak harro erakusten digu bere eskola. Irribarretsu gerturatzen zaigu pasillotik barrena korrika eta atzean utzi ditu iraileko negarrekin batera katarro eta gaixoaldiak. Orain guk nahikoa komeria, dena kutsatzen da eta... Aaaaaaatxis! Nik ere ez dut lanera joan nahi...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!