Burujabe, libre, zoriontsu

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2014ko eka. 22a, 16:00

Jende zoriontsua herri libre batean, hala kantatu genuen orain bi aste erabakitzeko eskubidearen defentsan Durango eta Iruñea batu zituen giza katean. Eta egun batzuk beranduago 40 gazte libre utzi dituztela jakiteak zoriontsu egin gaitu. Aritz, Irati, Mikel eta gainerakoek bost urte hauetan bizitutakoa gogorra izan da (atxiloketa, inkomunikazioa, tortura, espetxea...).

Ezin uka ordea, emozio positibo asko sentitu dugula egunotan eta zer demontre, ez diegu uko egingo hauei! Lagun batek zion, “behin albiste on bat jasotzen dugula, goazen ospatzera!”. Eta halaxe egin zuten askok osteguneko pintxo potean... Izan ere, batzuetan badirudi ospatzeko eskubidea ere ukatu nahi digutela. Zuhurtzia mantendu beharra dago, beste hainbat herritar ere sententzia zain dagoelako, baina ezin uka 40 gazte independentistak absobiltzeko erabakiak arrakala handia suposatzen duela Estatu espainiarrean. Batik bat, epaia irakurri eta honek dionean, torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen diren auziek ez dutela inolako funts juridikorik.

Pitzadura askotxo sortzen ari zaizkio azkenaldian Estatu horren haitzari. Katalunian eta Euskal Herrian burujabe izan nahi dugula diogun herritarrok bezala, errege-erregina eta printze-printzesa ipuinen menpe bizi nahi ez duten errepublikazale gero eta gehiago. Herri eta bizi proiektu burujabe bat aldarrikatzen duten hamaika herritar. Izan ere, erabakitzeko eskubidea borroka politiko eta sozial garaikide hainbaten erdian kokatzen ari da. Burujabetza politikoa, energetikoa, elikadurarena edota gorputzarena, esaterako. Gauza jakina baita erabakiak gero eta modu ez demokratikoagoan hartu, orduan eta nahi handiagoa sentitzen dugula erabakitzeko kontrola guk izatekoa.


Batzuk nahi ez arren, zerbait aldatzen ari denaren sentsazioa nik behintzat badut azkenaldian. Pitzaezina zirudien haitz horri gero eta arrakala gehiago sortzen ari garela.
Bizi proiektu burujabe eta askeak mahai gainean jarri nahi dituen “Arrakala” dokumental eta proiektuan parte hartzen duen Jone Arrazolak dio, norberarengan hasten dela borroka. Bere kasuan, feminismoarekin desobedientzia deklaratu ziola bere buruari eta bere barruan manifa bat sentitzen hasi zela dio. Maila indibidualean senti daiteken manifa hori kolektibo bihurtzen ari da. Euren ahots propioz hitz egin nahi duten gero eta herritar gehiago ari da batzen manifa horretara. Erabakitzeko eskubideak libre egiten gaituelako eta libre izateak zoriontasunarekin lotura zuzena duelako. Bilaka dadila gure herri eta bizitzetako soinu banda Jende zoriontsua herri libre batean, herri libre batean....

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!