Antzeko mugitzen zituen haizeak mototsean bildutako gure adats futbolariak ikasle garai haietan. Bestelakoak ziren ordea, kirol instalakuntzak, ez zegoen gaur egungo Usabalgo kiroldegirik, bestelakoa da Ikastolako patioa eta txabolak zirenak, eta bestelakoa da guztia erasotzen duen atzeko paisaia; porlanak jan du mendia.
Gure herri eta auzoetako paisaiak, instalakuntzak eta azpiegiturak aldatuz doaz garaiak eta beharrak aldatzen doazen heinean. Zeinen beharrei begira ordea, eta nork erabakita? Kasu honetan, AHTa susmopean jartzeko arrazoi bat baino gehiago jarri da mahai gainean azken asteetan. Batetik, Euskal Y-aren zenbait zatitan, tartean Jaurlaritzaren eskumeneko diren eta gure eskualdeko Tolosa-Hernialde eta Zizurkil-Andoaingo obretan ari den Isolux Corsan multinazionalaren alde Estatu espainiarrean ezkutatutako sei milioi euroko gainkostua. Bestetik, AHTrik igaroko ez den baina horretarako eraiki duten eta 11 milioiko kostua izan duen Zaratamoko tunela edota obretako langileen lan baldintza kaxkarrak: 22 ordu arteko lanaldiak, jaso beharko luketen soldata baino %70 gutxiago jaso izana, 7 langileren heriotza (ELA sindikatuak emandako datuak dira) eta zer esanik ez bizilagunak, zuzeneko kaltetuak, pairatzen ari diren zarata, dardara, kutsadura, informazio falta eta babesgabetasuna Jaurlaritzaren partetik. Hau guztia mahai gainean jarrita ere, orain artean bezala obrekin aurrera jarraituko dutela dio EAJk.
Ez dakit hemendik urte batzuetara gure alabek parean dudan futbol zelaian jokatuko ote duten, ondoko Ikastolako patioan deskubrituko ote duten nerabezaroa, ezta mehatxatzen gaituen atzeko trenbide sare horrek nora eramango gaituen ere. Egia da, larunbat arratsaldetan topera betetzen direla merkataritza guneak edota gaur bezalako igande euritsuetan 8,50 euroko sarrera ordaintzeko gai garela ordu batez gure haurra igerilekuan diberti dadin, baina eskultura hutsean bilakatzeko arriskua duen porlan puska horrena ez ote da gehiegizkoa? Abiadan doa bizitza baina izan gaitezen gu geu gure denboraren eta bidaiaren protagonista inork lapurtu beharrik gabe. Tren lasterraren abiadurarekin ala gabe gure adatsak berdin astinduko ditu haizeak, guk hala nahi badugu.