Prozesioa K

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2014ko api. 27a, 17:00

Prozesioak, pasa berri diren Aste Santuetako ikur nagusi. Euskaldun ez-fededun gisa ordea, baina (aitor dezagun) santuen aitzakian oporrak baliatu ditugun batzuontzat bestelako prozesio batzuk nagusitu dira egunotan, eta ez naiz ari Ocho apellidos vascos pelikula ikusteko zinema aretoetarako ilara luzeez, pelikula horretan nagusitzen diren euskaldunon topikoez gaindi herri bezala bizitzen eta garatzen jarraitu nahi dugula aldarrikatu duen Aberri Egunaz baizik. Urtero errepikatzen den hitzorduak badu kutsu folkloriko eta azken aldian zinemetan hain modan dagoen topikoetan geratzeko arriskua, eta izan zezakeen aurtengoak ere, baina buruan nituen beldurrak uxatu zitzaizkidan pasa den igandean Iruñean Independentistak sareak egindako deialdira bertaratuta. Azken urteetako jendetsuena (25.000 lagun) eta anitza izan zen, desberdintasunak alboratu gabe batzen gaituenetik abiatuta. Eta independentzia, aldarrikapen politikotik haratago, azkenaldian indartzen ari den behar sozial eta ekonomikora txertatuta. Hain menpeko sentiarazten gaituzten bizilagun eta politikengandik askatu eta bestelako eredu eta herri bat eraikitzeko tresna ere badelako burujabetza.

Hilabete terdira izango dugun beste hitzordu baten aurrerapena izan daiteke aurtengo Aberri Eguna. Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 8rako deitu duen giza katerako berotze lana, alegia. Ze, berriz ere pantaila handira begira jarrita eta topikoei eutsiaz, euskaldunok apustu zaleak gara, bai, eta gurea defendatzeko (nork ez!) gure esku dagoen guztia egingo dugu. Beraz, nahikoa da hordagoa botatzea euskaldunoi: ezetz Iruñea eta Durango giza kate batez lotu eta horretarako 50.000 pertsona batu erabakitzeko eskubidearen alde? Eta hantxe joango gara denok prozesioan, ez egin dudarik. Ikurrina, North Face-ko txaketa, bokadillo, zatoa eta termoa hartuta ziur, topikoen estetikari eutsiaz. Baina indartsu eta bidea eginez, batzen gaituenetik abiatuz eta herritarrok berme bilakatuz.

Inoren zain egon gabe norbere etxetik aldatzen omen da mundua. Eta etxeetako sukaldeetaraino sartu den gaiari helduaz amaitu nahiko nuke gaurko tartea. EH Bilduk osatzen duen Tolosako udal gobernuak mahai gainean jarri duen hondakin sistema berria, errefusa eta organikoa txip bitartez jasoko dituen edukiontzien proposamena. Eragile politiko zein sozial guztien minimoak kontutan izan, adostasuna bilatu eta eskualdeko herri gehiengoen lekukoa hartuta zero zabor politika helburu duena. Balkoietako plastikozko poltsa urdinen prozesioa zentzurik gabe uzteaz gain, zigarro batek edota Donostiako su artifizialek errauste plantak baino kutsadura handiagoa sortzen duen topikoa iraganeko kontu bilakatu dezakeena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!