Ausardia eta adorea emakume askoren gorputzetan ikusten ari gara azken aldian. Ama izateak eskatzen duen adore bera izaten ari dira ama ez izatea erabaki ahal izateko eskubidearen aldarria defendatzen dutenak, abortatzeko eskubidearen defentsan ari direnak, alegia. Hamaika emakume ari da bere gorputzaren indarra arma bezala erabiltzen. Edota nola deitu bestela PPko kongresu batera sartu, sartzea lortu, eta sektore atzerakoieneko ordezkarien artean, hiru emakume pintura gorriz zikinduta oihuka Rajoyren hitzaldia eteteari? Emakumeon gorputza da jo puntuan jarri nahi duena Gallardonen abortuaren legeak eta gorputzarekin erantzun dio emakume askok eraso honi.
Izan ere, gure gorputzen gainean emakumeok dugun erabakitzeko eskubidea da zalantzan jarri nahi dena abortuaren lege berriarekin. Emakumea adingabetzat jotzen da, babestu behar dena, bere kabuz pentsatzeko gai ez dena. Pentsa, abortatuko duen emakumea ez dela zigorra jasoko duena, medikua baizik. Legea proposatu dutenen ustez, emakumea ez da bere ekintzen jabe, ez da gai horren inguruan pentsatzeko, erabakitzeko; medikua da, gizonezko hori da erantzulea. Ez hori bakarrik, legearen arabera emakumeak ezin dio bere amatasunari uko egin. Ama izatea da emakumeen funtzio nagusi eta ia bakarra. Dena utzi behar da amatasunagatik; lana, afizioak... eta amatasunarekin puskatzea delitua da. Edota nola ikusten ditu gizarte honek haurrik ez duten 40 urtetik gorako emakumeak? Triste, amargatuta, frustrazioz beteta daudela uste ohi da, askoren kasuan euren hautu pertsonala izan dela kontutan izan gabe. Eta galdetzen diot neure buruari, Gallardonek egin duena ez al da gizarteak pentsatzen duena paperean idatzita aurkeztea? Ez al digute egunero-egunero gure roletan sartzeko eta bertatik ez ateratzeko gogorarazten? Legearen aurrean berdinak garela diote, berdintasunean bizi garela pentsatzen dugu eta tamalez Gallardonena bezalako legeak behar ditugu ohartzeko gauzak ez direla horrela. Gure gorputzak beste behin ere gudu zelai bihurtu dira.
Baina ez dezagun ahaztu gure gorputza direla gure obarioak, gure gorputza direla gure bularrak, gure gorputza direla gure begiak, gure belarriak eta baita gure sudurzuloak ere! Ama izatea erabakitzen duenak jaso beharreko arreta berdina jaso beharko luke ama ez izatea erabakitzen duenak. Ez dugu nahi errepide bazterrean erdituko den emakumerik, ez eta erditu ez delako bide bazterrean utziko den emakumerik ere. Gure gorputza, gure territorioa, gure erabakia.