Libre!

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2014ko ots. 16a, 15:00

Herritik 1.000 kilometrotara, Puerto Santa Maria espetxeko ziega batean bakarrik hil da gure herriko 36 urteko gazte bat, libre geratzeko hiru hilabete baino falta ez zitzaizkiola.

Ez da naturala 36 urteko gazte bat, gazte osasuntsu bat egun batetik bestera hiltzea. Ez da naturala 23 urte zituela sabotaje bat egiteagatik 13 urteko espetxe zigorra betetzen egotea, are gutxiago, zigorraren hiru laurdenak beteta 2011n kalean behar zuenean. Ez da naturala lehen graduan, muturreko bizi baldintzetan edukitzea eta ez da naturala funtzionarioen aldetik lau alditan jipoitua izan eta leku berean mantentzea horrek dakarren tentsioarekin. Eta ez da naturala 13 urtez Estatuko beste puntan (Sevilla, Puerto...), preso edukitzea eta 1.000 kilometrotara ziega batean bakarrik hiltzea. Eta esango dute Arkaitz Bellonen heriotzaren atzean arrazoi naturalak daudela, baina egunotan askori irakurri diogun bezala, ez dago heriotza hau baino gauza antinaturalagorik. Espetxeko bizi baldintzek naturaletik gutxi dute eta askorentzat espetxea eta dispertsioa orain arte hitz abstraktuak baziren, esanahi gordinez bete dira egunotan, errealitateari aurrez aurre begiratu nahi dionarentzat behintzat.

Bere burua demokratikotzat duen Estatu baten ardurapeko espetxe batean hil da gazte bat eta ez dugu agintarien berehalako agerraldirik ikusi, ez gaitzespenik entzun, ez eta senideei dolumin eta babesik agertzen ikusi ere. «Arrazoi naturalak», ez besterik. Eta askok galdetzen diogu geure buruari, eragotzi ahal zitekeen heriotza hau? Hasteko, indarrean dagoen legea bera aplikatuta bai, noski. Eta jarraitzeko, 1. eta 2. mailako herritarren arteko bereizketarik egin gabe, eta pentsaera ideologiko bat izateagatik gainkarga bat ezarri gabe, baita ere.

Beraz, gaurdanik eragotzi dezagun horrelako gertakari larriak etorkizunean bizitzea. Orain bertan, urrutira joan gabe, 80 herritar epaitzen ari dira Madrilgo Audientzia Nazionalean lan politikoa egiteagatik. Tartean Aritz Lopez tolosarra, Mikel Aiestaran billabonatarra eta dagoeneko Soto del Realgo espetxean duten Irati Mujika amezketarra. 6 urteko espetxe zigorra ezarri nahi diete torturapean egindako deklarazioak oinarri hartuta. Gure herri eta auzoetako mila saltsetan lanean dabiltzan gazteak dira hirurak. Herriko gaztetxean, festetan edota talde feministan lanean topatuko ditugunak. Esan dezagun ozen ez ditugula espetxean, herritik 1.000 kilometrotara ziega ilun batean ikusi nahi, gure artean nahi ditugula auzo eta herri biziak mantenduz. Esan dezagun ozen bakoitzak bere eremutik, bere modura, herritar libreak nahi ditugula herri libre batean. Pertsonok libre izateko jaio garelako eta ez lau hormen arten giltzatuta egoteko. Hori baita bizitzeko modu naturalena, libre!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!