Zein bizitzen alde?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2014ko urt. 17a, 11:20

2014ko urtarrilaren 3. Tolosako Zerkausian, 60 urtetik gorako gizonezkoa baserritarrek botatako azalore hostoak kontainerretik hartzen ari da. Baserritarrari galdetu diot ea ohiko argazkia ote den aurrean duguna eta ez du zalantzarik egin, «egunero gertatzen da».

Gure seme alaben aitona izan zitekeen kontainerretik azalore hostoak hartzen ari den gizasemea. Gure begiradek elkar topo egin dute, alboetara begira ari da, ezkutuan ariko balitz bezala, lotsaz akaso baina beharraren aginduei erantzunez eta aukera galtzen utzi ezin balu bezala. Bizitza osoan lanean aritu eta gauetik egunera pentsiorik gabe edo pentsio eskas batekin geratu denaren argazkia izan liteke.

2014ko urtarrilaren 11. Bilboko Autonomia Kalea. «Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea». EAJ, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Geroa Bai, ELA eta LAB aurrez Madrilgo Audientzia Nazionalak debekatutako Tantaz Tanta ekimenaren lekukoa hartuta. Antolatzaileek eskatutako isiltasunak gutxi iraun du eta txaloak eta presoak etxeratzearen aldeko oihuak etengabeak dira, tarteka irrist egiten duten malkoen artean. 130.000 lagun eta tartean pankarta nagusiaren atzean, ilaratan jarrita, sakabanaketaren orbaina begiradan daramaten senideak. Bere aita kristalik gabe, aurrez aurre, urtean behin soilik ikusi eta ukitu dezakeen haurra, gizona iheslari Ipar Euskal Herrian eta alaba ehunka kilometrotara Estatu espainiarreko espetxeetan duen emakumea (aita eta alaba ezin elkar ikusiz), bisitara zihoala istripua izan eta elbarri geratu arren azken 20 urteetan egin bezala urtean bitan behintzat anaia bisitatzera joaten den gizona. Eta zerrendak luze jo dezake...

2013ko abenduaren 20. Madrilen Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoa aurkeztu du PPko Alberto Ruiz Gallardon justizia ministroak. Ondorioz, frankismoaz geroztik izan den legerik murriztaileenari aurre egin beharko diote Hego Euskal Herrian haurdunaldia eten nahi duten emakumeek. Haurdunaldiaren hamalaugarren astera arte azalpenik eman gabe abortatzeko epea desagerraraziko du legeak, eta baldintzen sistema berreskuratu baina hau ere murriztuta. Bortxaketaren biktima izanda edo osasuna «arrisku larrian» edukita soilik abortatu ahalko dute emakumeek. Hortik kanpo, gaur egun gurean egiten diren abortuen %94 (ezker abertzalekoen nahiz PPkoen alabek egindakoak), atzerrian edo klandestinitatean egin beharko dira. Gure amek hartu zuten pankarta bera hartuta atera gara kalera gure amekin batera.


Zein giza eskubide eta zein bizitzen alde ari da gobernu espainiarra?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!