Gezurra eta gezur legitimatua. Olentzeroren istorioa hala ikusten duela adierazi dio berriz, lagun bati emakume marokoar musulman batek. Olentzero figura laikoa izanda beste erlijio batetik etorritakoek ere ospatu zezaketelakoan ea hala egiten zuten galdetu eta hauxe jaso zuen erantzuna: Olentzero ez zuela gustuko haurrei gezurra esaten zitzaielako eta gezur hori ilusioarekin estali eta gezur legitimatua bilakatzen zelako. Azken finean, gurasoei ilusioa ematen diena umeek gezur bat sinestea dela zion emakume honek. Izan Olentzero ikazkin eta zarpaila, izan Olentzero Santa Klaustu estilizatua edo izan Queer Olentzero. Guztiak gezur legitimatuaren sinbolo.
Eta amaitzeko, hutsuneak hutsuneago bilakatzen diren egunotan, sorterritik urrun daudenak ekarri nahiko nituzke gogora. Arrazoi desberdinak tarteko, eta tartean ere gezurra maiz, Euskal Herria atzean utzi behar izan duten herritarrak eta ehunka eta milaka kilometrotara daudenak, edota Euskal Herrian bizi baina euren sorterria urrun duten euskal herritarrak (gezurraren biktima gehienak), “etorkinak” bezala ezagunagoak.
Eta bide batez, besarkada bat bidali nahiko nieke etxe guztietako sukaldeetan lanean ariko diren emakume guztiei! Ondo bukatu eta hobeto hasi!