Sentimenduak adieraziz

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2013ko urr. 25a, 16:19

Lehenik eta behin zorionak eman nahiko nizkioke Tolosaldeko Ataria-ri proiektu berriarekin egindako apustuagatik eta era berean eskerrak eman kolaborazio hau proposatzeagatik.

Aurkezpen gisara edo, lehen zutabea izanik honakoa, pasa den astean izan dugun urteurren batetik tiraka generoarekin lotutako gai bat ekarriko nahiko nuke hona.

GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, desagerrarazi eta hil zituela 30 urte bete dira. 30 urte luze eta gogorrak haien gertukoentzat eta oso momentu gogoangarriak utzi dituena herritar gehienontzat. Duela 30 urte sehaskan geundenon belaunaldiak gertakari hura zuzenean bizitu ez bazuen ere, gerora etorri direnak gure memoriatik ezabatzea oso zaila izango da. Burura datozkit Joxi eta Joxeanen gorpuak Hondarribiko aireportura iritsi zirenekoa edota Tolosako hilerrian ertzaintzak senideen aurka jo zuenekoa. «Gure senideez agurtzen ere ez ziguten utzi» diote gertukoek. Bi gazte tolosarren senideengan urte hauetan pilatutako sentimenduak oso sakonak eta gordinak dira. Zer esan asko dute eta nork entzuna ere bai.

Eta atentzioa eman dit urteurren honen karira, lehen pertsonan hitz egiten ikusi eta entzun ditugun senideak emakumeak izateak, hein handi batean. Feli Artano (Joxiren ama), Pili Zabala (Joxiren arreba) edota Asun Lasa (Joxeanen arreba).

Eta gogoeta nagusi bat datorkit burura. Oraindik orain, sentimenduen mundua ez ote dago emakumeekin oso lotua? Sentimenduez publikoki hitz egiten erosoago sentitzen gara emakumeak gizonak baino, eta paper hori hartzen dugu eta jartzen digute, era berean, askotan. Hortik, maite ditugun haiei buruz hitz egiten gu lehenak izatea, eta senideen eremuak emakume aurpegia izatea. Era berean, gertukoak zaintzeko ardura nagusia oraindik orain emakumeek hartzen dutelako ere, noski, edo ezartzen zaielako.

Izan ere, naturalki ateratzen zaigun zerbait da noski, baina kulturalki jaso dugunaren uzta da era berean. Ahalmen handia dela esango nuke nik, pertsona pertsonago eta gizartea bera humanoago egiten baitu. Eta zorionez bide horretarako urratsa ematen ari da gizon asko. Esaterako, oso adierazgarria iruditzen zait aurreko batean irratiko kolaboratzaile batek Bertsolari Txapelketarekin lotuta botatako hausnarketa. Nola gizonezko bertsolariak gero eta gehiago ari diren sentimenduen eremutik kantatzen, adibide bezala, Altsasuko saioan Beñat Gaztelumendiren kartzelako saioa.

Kolaboratzaile honek zioen, bertso haiei ahotsa kendu eta ez genukeela jakingo emakume ala gizona den atzean dagoen bertsolaria. Balio dezala ariketak beste hainbat eremutarako ere. Ze izan ere, arazoa ez baita soilik sentimenduak emakumeek baino ez azaltzea, baizik eta ahalmen honi garrantzirik ez ematea edota larriagoa dena, askotan gutxiestea. Feli, Pili edo Asun egiten ari diren ariketak balio dezala guztiontzat, baita egia ezkutatu nahi duten horientzat ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!