Aragoi eta Katalunia arteko muga pasatzearekin batera gelditu genuen autoa, zerbait hartzeko asmotan; eta hantxe, ohiko pan tumaca-z gain, lehenengo hitzak ere katalanez. Eta horrelaxe izan da han pasatu ditugun egun guztietan. Lehenengo hitza beti katalanez, toki guztietan, nahiz eta toki turistiko samarrean ibili garen.
Ez hori bakarrik, hedabideetan ere nabari da aldea. Hainbat telebista kate dituzte katalanez, eta guk gaztelera hutsean ikusten dugun TVE1 katean ere zenbait saio ikusi ditugu katalanez. Besteak beste, Espainiako Kopako finala, Bartzelonaren eta Real Madrilen artekoa (Realak kopako finala jokatuko balu —zaila, oso zaila—, ziur naiz TVE1-ek ez lukeela euskaraz emango).
Eta hizkuntzaren harira hainbat eraso pairatzen dituzten arren, Katalunian hizkuntzari dagokionean ondo baino hobeto eusten diote bereari. Batek baino gehiagok esango du errazagoa dela Kataluniara gaztelera jakiten joan eta katalana ikastea..., eta ondo da, ados nago horretan, baina nik uste dut han aurkitzen duzun errealitateak, hango egunerokoak, bultzatzen zaituela katalana ikastera eta katalanez mintzatzera.
Tamalez, gurean, kanpotik datorrenak ez du halakorik sentitzen. Euskara ez da beharrezkoa eguneroko bizitzarako. Jende guztiak daki gazteleraz, eta lehen hitza euskaraz egiten dizuten horiek ere, bigarrena gazteleraz egiten dute, norbaitek euskaraz ez dakienean. Talde batean euskara ez dakien norbait egotea nahikoa izan ohi da, talde guztiak gazteleraz hitz egiteko... Presioa, beraz, oso txikia da, baita toki euskaldunenetan ere. Eta, batik bat, jende askok ez du sentitzen lanerako euskara beharrezkoa denik —gehienetan, ez delako, noski—, eta hori baldintza oso inportantea da hizkuntza bat ikasi nahi izateko.
Eta norbaitek euskara beharrezko egin nahi duenean, hortxe dator Carlos Urkijo bezalako pertsonaia bat gaztelera salbatzera. Izan ere, arrisku larrian dago gaztelera. Harrapazak! Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat udalek kontratu publikoetarako euskara exijitzea erabakitzen dutenean, hortxe dator Espainiako Gobernuaren erasoa: Urkijok hainbat salaketa aurkeztu ditu Espainiako Justizia Administraziopean dauden epaitegi ezin inpartzialagoetan hizkuntza irizpide horien kontra.
Nik, herritar gisa, irizpide horiei eusteko eskatu nahi nieke gure udalei eta baita Diputazioari ere. Mesedez, behingoz, norbaitek errespeta arazi ditzala nire hizkuntza eskubideak, egunen batean irizpide horiek ezartzea beharrezkoa izan ez dadin, eta berez bete daitezen.