Maila oso ezberdinetan egindako bi parte hartze prozesu dira. Orendainen 180 biztanle inguru bizi dira (2013ko datua topatu dut nik), denek elkar ezagutzen dute, gertuko gaiak izan dituzte hizpide eta herriaren kudeaketari buruz galdetu zaie; alegia, nolako herria nahi duten erabakitzeko aukera eman zaie herritarrei. Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzua berritzeari buruz martxan jarri duena, berriz, Gipuzkoa mailakoa da, 56 herritan egingo dute eta, autobus erabiltzaileen zenbatekoari buruzko daturik ez dut, baina Gipuzkoan 700.000 biztanletik gora gara eta, beraz, erabiltzaile posibleen kopurua handia da. Aukera eman zaio herritarrari nolako autobus zerbitzua nahi duen definitzeko.
Orendainen, 16 urtetik gorako herritarren %90ek parte hartu dute prozesuan (sekulako arrakasta da halako prozesu batentzat), eta Gipuzkoan, joan den astean hasi zutenez, daturik ez dago. Baina, autobus zerbitzuari buruzko beste parte hartze prozesu bat ere egin zuen Foru Aldundiak lehenago eta 30.000 herritarrek parte hartu zuten (18 urtetik gorako herritarren %5,25ek), eta haien proposamenen %75 hartu ziren kontuan.
Nik argi daukat Gipuzkoa mailan egindako parte hartze prozesu batek ezin duela inoiz Orendain bezalako herri txiki batek antolatutako prozesuaren adinako parte hartzerik lortu, eta ez dut inolaz ere gutxiesten %5,25eko parte hartze hori, 30.000 herritar, herritar asko baitira. Gai horretan adituak direnek parte hartze prozesuen balorazioa egiten dutenean normalki alde kualitatiboari ematen diote garrantzia; hobea baita jende gutxiagok parte hartzea, baina parte hartzea aktiboagoa, parte hartzaileagoa izatea, bileretan jende ugari bildu eta denak isilik egotea baino.
Hala ere, nik galdera egin izan diot nire buruari. Badago esaldi bat herritar gehienek entzun duguna, eta seguruenera erabili ere erabili duguna: «Demokraziak lau urtean behin botoa ematea baino gehiago izan beharko luke». Baina, gero, zein da errealitatea? Herritar gehienek nahiago dugula lau urtean behin botoa eman (ematen dugunok) eta utzi nazatela bakean beste lau urtean. Baina ez dugu hori aitortuko, noski. Aitzakiak jarriko ditugu: gai horren inguruan gustura hitz egingo nukeela baina ordua ez dela ona, umea norekin utzi ez daukadala, justu beste bilera bat daukadala, edo kiroldegira noala ordu horretan spinning daukadalako... Noski, lau urtean behinekoa aukera erosoagoa da.
Aitzakiak aitzakia, uste dut pena dela erakundeek halako ahalegina egitea herritarrek parte har dezagun, eta herritarrek hain ahalegin txikia egitea gure bizimodua baldintzatuko duten erabakietan parte hartzeko. Azken urteetan parte hartze prozesuak gero eta maizago egiten dira gure inguruan (nago udal eta foru hauteskundeetako emaitzek eragin handia izan dutela horretan); Ataria-k joan den asteko alean gure eskualdeko 14 herritan egindako parte hartze prozesuak aipatu zizkigun, eta nik uste dut gehiago ere izan direla. Dena den, beste 14 aukera sortuko dira, eta gehiago ere bai agian. Denetan Orendaingoaren parte hartze bera izatea desioko nuke nik, baina zail ikusten dut...