Zaborrak, norbere etxean

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2014ko ots. 21a, 14:52

Badakit gai honekin jende ugari kokoteraino dagoela, baina txoko honek aukera ematen dit horretarako eta honetaz idatzi nahi dut, oraindik sinestezina iruditzen baitzait hainbat jenderen jarrera.

Iruran bizi naiz ni, eta joan den ekainetik atez ateko hondakinen bilketa egiten da herrian. Hainbeste eztabaida gora-behera, nik, egia esateko, baneukan gogoa behingoz atez atekoa jartzeko eta eztabaida guztiak amaitzeko. Izan ere, aurretik etxean birziklatzen genuenok ez dugu ia diferentziarik nabaritu. Erraza eta erosoa da, emaitza onak ematen ari da (%85 inguru biltzen da gaika), eta gainera, berez, garbia da.
Eta «berez» esaten dut, bai baitirudi batzuek nahita zikintzen dutela herria. Atez atekoaren kontrako sutsuak daudela ezin dugu ukatu, eta baten batzuek agian izango dituzte euren arrazoiak. Baina, askoren jarrera arrazoizko izatetik urrun dago. Izan ere, askoren aitzakia zen atez ateko bilketa narratsa zela, herriaren itxura nabarmen kaltetzen zuela, zikina zela... Bada, egia esango dizuet, itxura kaltetzen dutenak, herria zikintzen dutenak zaborra oraindik zabor poltsetan ateratzen duten horiek dira.
Iruran, antza denez, denak kontu berarekin gabiltza; bai atez atekoaren aldekoak eta bai kontrakoak ere. Baina batzuk arrazoia dute kexatzeko, beste batzuek, aldiz, ez.
Orain pare bat aste bilera antolatu zuten udalak eta mankomunitateak atez atekoaren inguruko balorazioa egin eta aurrera begira zuzendu beharrekoak fintzeko. Euskarazko bileran egon nintzen ni, eta han, itxuraz, inor ez zen atez atekoaren kontra. Denek –hitza hartu zutenek behintzat bai– ontzat jotzen genuen bilketa sistema berria. Baina, bazen guztiok ikusten genuen arazo bat. Kaleak zikin daude, jendeak oraindik poltsetan ateratzen duelako zaborra, udalak banatutako kuboetan atera beharrean; eta noski poltsa horiek lurrean utzita, apurtu egiten dira, eta zaborra kalean barreiatzen da. Eta, gainera, birziklatzen dutela esango dute, baina poltsetan ateratzen duten horietako gehienek ez dute birziklatzen. Poltsak puskatzen ez direnean, kanpotik erraz ikusten da zer dagoen poltsa barruan, eta ez zaio gehiegi erreparatu behar poltsak jaitsi dituzten horiek birziklatzetik urrun daudela ikusteko.
Beste bilera batean ere izan nintzen aste horretan bertan. Bestelako bilera bat zen, eta bilera horretan, udalak antolatutakoaren oso bestelako jarrera antzeman nuen. Gehienak atez atekoaren kontrako ziren. Eta, harrigarriena, haiek ere kexu zirela kaleak zikin zeudelako, batez ere gu bizi garen kalea zikin dagoelako. «Kaleak zikin badaude jendeak oraindik poltsetan ateratzen duelako da», erantzun nien, eta hona erantzuna: «Bai, baina nik ez dut kale honetan ateratzen, lehen zabor edukiontziak zeuden tokira ateratzen ditut». To eta no! Ederki orduan. Norbere kalea ez, aldamenekoa zikindu eta, lasai-lasai, atez ateko bilketa kritikatu, kaleak narrats daudelako. Azala behar da gero!
Eta, kaleak nabarmen zikintzeaz gain, azkenean udalak poltsa horiek jaso behar ditu, eta, noski, kalean utzitako poltsa horiek jasotzeagatik diru bat ordaindu behar du udalak, astero-astero; alegia, guk guztiok ordaintzen dugula gure kaleak zikintzen dituzten horien kaka biltzeagatik. Nik, benetan, poltsa jaso eta kalera atera duenaren ate parean utziko nioke gustura. Behin eta berriro, hura nazkatu, eta benetan berak ekoizten dituen hondakinen ardura berea dela onartu arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!