Osasuna, garestiegi

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2014ko urt. 24a, 10:42

Gauza bat dela edo bestea dela, azken aldian farmaziara maiz samar joatea tokatu zait. Eta askotan asaldatuta atera naiz bertatik. Umearentzako botikak eman dizkidaten azken aldietan, gehienetan behintzat, hartu beharreko botikak jada errezeta gabekoak izan dira, alegia, osorik ordaindu beharrekoak. 4-5 euro ingurukoak izan ohi dira. Dudarik gabe ordaintzen duzu botika, noski. Nola ukatuko diozu hori umeari!

Haurdun egotea ere faktore garrantzitsua da, botikara egiten dituzun joan-etorrien kopuruan. Lehen hilabetean botaka hasi eta bost hilabete ia gelditu gabe horrela daramatzat, eta horretarako ere botika bat eman zidan medikuak —logura ematen didanez, ezin dut hartu, ordea; eta botaka jarraitu behar—. Botika hori ere Gizarte Segurantzatik kanpo utzitakoen artean dago. Ia 20 euro balio du, 24 pilula datoz kaxa bakoitzean, eta egunean hiru pilula hartu behar direnez, zortzi egun baino ez du irauten. Haurdunaldi guztia horrela jarraituz gero, 700 euroko gastua egin beharko nuke pilula horiekin. Dena norberaren patrikatik. Eta botaka ibiltzeagatik esofagoa urratu dudanez, beste botika bat hartu behar, hori ere Gizarte Segurantzatik kanpokoa eta 5 euro balio duena.

Eta, zer egingo duzu ba? Ordaindu eta botikak hartu, noski. Eta, gustura, horiek ordaintzeko moduan zaudelako; ez beste asko bezala. Baina, gaur egun daukagun egoeran, edonork ordaindu dezake dirutza hori? Haurdun gelditu eta 700 euro ez dituenak, botaka jarraituko du, bai ala bai, eta, luzera, horrek arriskuan jar dezake fetuaren bizitza —bestalde, Madrilen Abortuaren Legea aurkeztu duten horientzat hain baliotsua dena—. Baina, kasu horretan berdin diola dirudi. Errezetatik kanpo ehunka botika utzi zituzten —417 izan zirela irakurri dut aste honetan—, eta beste hainbat eta hainbat berrordaindu egin behar ditugu, baita minbizia dutenek ere.

Eta nik ulertzen dut krisian gaudela, eta krisi ekonomikoak neurriak hartzea eskatzen duela. Baina, krisia eragin duten horiek diruz lagundu ondoren, neurri murriztaile guztiak jende beraren lepo hartzea ere... Diru asko duenari bost axola zaio botikak berrordaindu behar izatea, dirua duenak ez du arazorik botikak ordaintzeko, edo abortatzera atzerrira joateko, arazorik ez du Osakidetzan proba bat egiteko itxaron zerrenda luzeari iskin egin eta pribatutik egiteko... Baina, zer egiten du langabezian gelditu denak? Familia guztia langabezian duenak, eta gero eta txikiagoa den erretiro pentsio baten menpe dagoenak? Argi dago, batzuentzat, osasunerako eskubideak duen prezioa garestiegia da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!