Kataluniara begira eman ditut azken orduak, azken egunak. Inbidia sentitzen dut, inbidia sanoa. Erreferendumera deitu dituzte hango herritarrak, eta Katalunia zer izatea nahi duten erabakitzeko aukera eman diete. Ia urtebete falta da azaroaren 9a iritsi arte, eta auskalo bidean zenbat oztopo eta traba jarriko dizkieten (auskalo planteatutako kontsulta hori egitera helduko diren ere), baina emandako pausoak ez dauka atzera bueltarik. «Orain arte inoiz gertatu gabeko urrats bat egin dugu gaur: orain hasiko da Espainiko Estatuarekin gatazka demokratiko bati ekiteko atzerako kontaketa», esan zuen CUPeko Quim Arrufatek joan den asteko ostegunean. Eta nik uste dut bete-betean asmatu duela esaldi horrekin; erreferenduma egin edo ez egin Kataluniak izugarrizko pausoa egin baitu Espainiarekin loturak hautsi eta estatu independente izateko bidean.
Eta bide horretan, Kataluniako Parlamentuan gehiengoa duten alderdiek, erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdiek, bat egiten dute. Denak batera ikusi ditugu, Artur Mas Generalitateko presidentea buru dutela, galdera bikoitza planteatzen. Galderaren gorabeheran entzun ditugu kritikak, baina hori da gutxienekoa, galdera planteatu-planteatu dute, herritarrei zuzendu zaizkie eta Espainiako Gobernuari hordagoa bota diote, orain arte itxi zaizkien bide guztiak gainditzeko asmotan. Eta herritarrek, joan den irailaren 11n, Diadan, argi erakutsi zuten jarri zaien hesi hori gainditu nahi dutela, egungo estatusa gainditu nahi dutela, horri buruz erabakitzeko eskubidea dutela. Eta aukera hori emango zaie. Hor dago gakoa. Eta hemen nire galdera. Noiz izango gara gu gai horrelako pauso bat emateko?
Europan zenbait ate irekita daude, eta ate horiek zeharkatzen ari direnek utzitako zirrikituak baliatu beharko genituzke, ez atzean gelditu, eta haien ispiluan begiratu. Hor daukagu Eskoziaren adibidea, 2014ko irailaren 18an han egingo dutena amets bat da guretzat, ameskeria agian, Erresuma Batuak duen tradizio demokratikoa oso urrun baitago Espainiako sasi-demokraziatik —ez ahaztu, 2006an Kataluniako Parlamentuak gehiengo oso handi batez onartutako estatutu berria, Espainiako Kongresuak (moldaketa handiekin) onartua eta Kataluniako herritarrek erreferendumean berretsia, ia edukirik gabe eta guztiz deskafeinatua utzi zuela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak—. Baina Eskoziak eredu bat jarriko du mahai gainean. Eta Kataluniak jarriko du bestea, guretzat ispilu izan litekeena.
Har dezagun, beraz, adibidea, jarrai dezagun Kataluniaren bidea. Nik behintzat gustura ibiliko nuke bide hori.