Ama, zergatik?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2013ko aza. 29a, 13:43

Ama izaten zarenerako hamaika asmo on izaten dituzu buruan, aurretik askotan irudikatu duzu nolako ama izan nahiko zenukeen, nola jokatu nahiko zenukeen zure umeekin, nolakoa ez duzun izan nahi eta zer saihestu beharko zenukeen. Gero ama izaten zara, eta asmo guzti horiek praktikan jartzeko ahalegina egiten duzu, esfortzu handiarekin aurretik pentsatutakoak betetzen saiatzen zara... Baina, zein zaila den zure buruan zenituen horiek guztiak betetzea.

Nire kausan, hauxe zen asmo on horietako bat: haurrak galdera bat egiten didanean, egia erantzungo diot, umeei azaldu behar zaizkien moduan azalduko dizkiot gauzak, baina gezurrik esan gabe, eta egiten didan galderari ihes egin gabe. Kar, kar, kar... Azken aldian, gero eta gehiago gertatzen zait umeari zer erantzun eman ez jakitea; eta jokatu nahi ez nuen bezala jokatu izan dut behin baino gehiagotan.

 

Lehengo batean, Tolosatik Irurara autoan gindoazen umea eta biok, eta nire gizona beste auto batean zihoan, gure aurretik. Halako batean, Anoetara iritsi baino lehenago, han non ikusten dudan Ertzaintzak gelditu egin duela. Ezikusiarena egiten saiatu nintzen, baina umeak berehala ikusi zuen: «Ama, zer egiten du aitatxok hor?». «Poliziak gelditu du», erantzun nion. «Eta zer egin du, ba?». «Ezer ez, maitia». Umeak, kezkatuta: «Baina, kartzelara eramango dute?». Ai ama, ze burutazio! «Kartzelara? Ez noski. Aitatxo txintxoa da, ez dute kartzelara eramango». «Orduan, poliziak dira gaiztoak?». To eta no, hau moztu egin behar dut. «Bai, beno, batzuk bai, baina, tira... Maitia, jarriko ditugu Pirritx eta Porrotxen abestiak?».

 

Baina, kakanarru txikiak baino ez diruditen arren, memoria ona dute umeek. Etxean pozik geunden Pello Odriozola askatu behar zutela-eta, Pello gora eta Pello behera ari ginen, eta umea ere ohartu zen, noski. «Zein da Pello, ama?». «Aitonaren lagun bat da. Kartzelan dago eta askatu egingo dute. Aitona oso pozik dago». «Baina, kartzelan baldin badago, gaiztoa izango da, ezta?». «Ez, ez da gaiztoa, txintxoa da». «Orduan, zergatik sartu dute kartzelan, txintxoa baldin bada?». Ene, eta zer esplikatzen diot nik orain? Non gelditzen dira nire asmo on guztiak? «Beno, maitia, kontua da ez zutela kartzelara sartu behar, eta inportanteena da aitonaren laguna dela eta aitona oso pozik dagoela». «Zergatik dago pozik?». Ene, «zergatik» soka luzea ekar dezake honek, eta ni momentu honetan —gaueko 21:30ak dira, umea oheratzeko ordua da, eta lan egun gogorra izan dut— ez nago horrelako kontuetarako. Aurrerago ere izango du Pello kartzelan zergatik sartu zuten jakiteko aukera. «Maitia, goazen ohera, zuk nahi duzun ipuina kontatuko dizut-eta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!