Sufrimenduaren balioa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2013ko aza. 1a, 09:03

Biktimak, biktimak eta biktimak. Ahoa bete hortz aritu dira azken aste honetan, Parot doktrina delakoaren baliogabetzeak biktimei eragindako kaltea gora eta behera. Haien iritzian, ETAk hildakoen senideei presoak espetxetik ateratzen ikusteak eragiten dien minak —eta ez naiz ni izango min hori auzitan jarriko duena— pertsona bat behin betiko espetxean mantentzea justifikatuko luke.

Baina euren diskurtsoan ahaztu egiten dute preso horiek, den-denek, 20 urtetik gora bete dituztela kartzelan, askok jada 25 urte baino gehiago daramatela espetxean eta batzuk 30 urtera heltzekotan direla. Ahaztu egiten dute, halaber, askok aspaldian bete zutela epaitu zituztenean indarrean zegoen legediak ezartzen zuen gehienezko kartzela zigorra; ahaztu egiten dute bizi osorako espetxe zigorrik ez duela ahalbidetzen hainbeste maite duten Espainiako Konstituzioak; ahaztu egiten dute Espainiakoa dela Europan espetxe zigor handienetakoak betetzea ahalbidetzen duen legedia...
Espainiako auzitegiek tranpa egin zuten Parot doktrina aplikatzen hasi zirenean, jakitun egin zuten tranpa hori, gainera; eta Estrasburgok hala ebatzi du Ines del Rioren kasuan. Bost urte gehiago pasatu ditu kartzelan, «legez kanpo». Pello Odriozola tolosarrak 2008an bete zuen bere zigor osoa, kalean behar zuen ordutik, baina doktrina aplikatu zioten eta oraindik kartzelan da, 26 urte betetzeko bidean.
Eskandalagarritzat jo dute Estrasburgoren erabakia biktimen babesle sutsu horiek. Joan den hilabetean, ordea, hori baino eskandalagarriagoa den beste erabaki baten berri izan genuen, eta orduan ez zen inor oroitu biktimez. Urriaren 4an jakin zen Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohiari baldintzapeko askatasuna eman ziotela, eta horrek, Espainian behintzat, ez zuen batere hautsik harrotu. Inor ez zen gogoratu Galindori 75 urteko zigorra ezarri ziotela —71 urtekoa Auzitegi Nazionalak, eta lau urte gehiagokoa Auzitegi Gorenak—, eta lau urte eta lau hilabete besterik ez duela bete: 2000ko maiatzetik 2004ko irailera. Preso bati aplika dakizkiokeen espetxe onura guzti-guztiak aplikatu dizkiote Galindori baldintzapeko askatasuna emateko —euskal presoei sistematikoki ukatzen dizkieten onurak—, eta jada bederatzi urte zeramatzan espetxetik kanpo.
ETAko kideei egozten zaizkien delituen «larritasuna» aipatzen dute Parot doktrinaren aldekoek, baina urriaren 4an ez ziren oroitu Galindoren delituen larritasunaz: bi gazte bahitzea, hainbat egunez torturatzea, buruan tiroa jo eta gorpuak kare bizitan lurperatuz desagerrarazten saiatzea. Nor oroitu zen Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren amekin eta gainerako ahaideekin? Haiek sufritu behar izan dutenarekin? Sufrimendua ez al da berdina horien kasuan? Sufrimendu guztiek ez al dute berdin balio? Antza denez, hainbatentzat ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!