EH Bilduk babesa adierazten die Asuncion Klinikako langileei eta Osasun Sailari eskatzen dio Tolosalderako planteamendu sendo eta egingarri bat zehatz dezala

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Tolosaldea 2025eko azaroaren 21a

Tolosaldeko EH Bilduk bere babesa adierazi nahi die Asuncion Klinikako langileei, azaroaren 22an Tolosan deitutako mobilizazioaren harira.

Eskualdeko osasun sistemaren etorkizuna oraindik argitu gabe dago, eta EH Bildutik behin eta berriz adierazi dugu: Asuncion Klinika eta bertako langileen etorkizuna argitu arte, ez dela posible izango Tolosaldean osasun arretarekin dugun arazoa benetan konpontzea. Tolosaldeko herritarrei bermatu behar zaien kalitatezko osasun eskubidea ziurtatzeko, osasun langileak zaindu eta euren etorkizuna argitzeko bermeak ezinbestekoak dira.

Gaur-gaurkoz, ez dago zentro berria izango denaren inguruko plan funtzionalik, ezta beharrezko azterlanik ere, eta zehaztasun falta horrek ezinegona sortzen du herritarren eta langileen artean. Eskualderako osasun arreta erabat publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna bermatzeko beharrezkoa da Osasun Sailak, behingoz, planteamendu sendo eta egingarri bat mahai gainean jartzea, datu eta azalpen argiekin.

Honen guztiaren harira, Osasun Sailburuaren agerraldia eskatu dugu Legebiltzarrean beharrezko argipen eta azalpenak eman ditzan eta Asuncion Klinikako langileen beste agerraldi bat eskatzeko premia ere ikusten dugu, beren kezka eta aldarrikapenak osasun batzordean azaldu ditzaten.

Mobilizazioaren zilegitasuna aitortzen dugu, eta Osasun Sailari eskatzen diogu lehenbailehen eskualdeko osasun eredua argitzeko pauso zintzoak eta gardenak eman ditzala.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!