Zerk eragiten du gehiago, gustuak ala presio sozialak?

Mila bederatziehun eta hirurogeita hamaseian jaio nintzen, Donostiako Informatika Fakultatea bezalaxe. Elkar ezagutu ordea, 18 urterekin egin genuen. Biok aldaketa handia jasango genuen urte horretan, heldutasunera iritsitakoan.

Ni, Nafarroako herri batetik Gipuzkoako hiriburura mugitu nintzen, Ingeniaritza Informatikoa ikastera. Fakultatean ikasketen aldaketa zegoen, Informatika lizentziatura, urte horretan bihurtu zen Ingeniaritza.

Karrera amaitu eta gutxira, fakultatean bertan hasi nintzen irakasle eta ikertzaile lanetan. Gure ikasle garaian ez bezala, geletan apenas zegoen neskarik. Horrek beste irakasle batzuen arreta ere erakarri zuen. Izen aldaketa izan al da erruduna? Bada, datuak bagenituenez, datu horiek aztertzen hasi ginen eta ikusi genuen, izenak lagundu ez bazuen ere, Informatika ikasten zuen emakumeen kopurua lehendik hasia zela txikitzen eta munduko beste toki askotan ere gauza bera gertatzen ari zela. Kezka nahiko orokortua zen.

Hasi ginen bada, datu horiek erakusten, arazoa gizarteratzen, saiatzen neskak Informatika ikastera animatzen... Zergatik uste dugu ordea, garrantzitsua dela Informatikan emakume gehiago egotea? Bada, datuen tratamenduan lor daitezkeen soluzioak ez direlako bakarrak eta soluzio horien bilaketan dauden taldeak zenbat eta askotarikoagoak izan, orduan eta soluzio zabalagoak eta egokiagoak topatuko direlako. Beraz, ez da soilik genero bitar baten ikuspuntutik begiratu behar den arazo bat, baizik eta erabateko aniztasunetik begiratu behar dena. Baina, erabateko aniztasunera iristeko urrats bat litzateke kopurutan gehiengoa duten bi generoen arteko parekidetasuna lortzea.

 

«Baina, erabateko aniztasunera iristeko urrats bat litzateke kopurutan gehiengoa duten bi generoen arteko parekidetasuna lortzea»

 

Neska gazteen kritika jaso izan dute horrelako mugimenduek. Zergatik saiatzen ote dira feministak besteei esaten zer-nolako ikasketak egin behar dituzten? Nork bere gustuak ezagutzen ditu eta utzi bakean erabakitzen.

Gertu galdetu didate ere, ea neskak matrikulatzera gerturatzen direnean uxatzen dituen frankotiratzaile bat dagoen fakultate sarreran.

Ez, gaur egun, gure gizartean ez dago ez derrigortasunik ez debekurik norbanakoen ikasketen aukera egiterakoan, baina erabat librea al da erabaki hori? Hala balitz, zerk eragin du neska eta mutilen gustuen horrenbesteko aldaketa? Bere garaian Ingeniaritza ikasketak egin ahal izateko horrenbeste borroka egin zuten emakumeak derrigorrez ari ziren? Gizonak gerran zeudenean konputagailuak programatzen ikasi zuten emakume haiek derrigorrez ari ziren? Emazteak etxeko lanetan zeuden bitartean dantza taldeak osatu zituzten gizon haiek derrigorrez ari ziren eta horregatik da horren zaila gaur egun dantzan aritu nahi duten gizonak topatzea? Ba al dago gustu haiek berreskuratzea edo erantzuna da egon badagoela genero arrakala eragiten duen presio soziala?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!