Irurako Ikastolaren aldeko alea jarriko du, Eñaut Elorrietak (Gernika, 1975). Kaabesttri String Ensemble boskotearekin batera, 'Harian' bere lan berria ezagutzeko aukera izango da. Irurako ikasleekin batera prestatu ditugu galderak, eta kontzertuen artean, erantzuteko tartea hartu du.
Zer moduz hari gainean? Oreka aurkitu al duzu?
Oso gustora nabil hari gainean. Soka boskote batekin aritzeko gogo bizia izan dut beti, eta egokitu zitzaizkidan aukerak. Egia esan, bidaia ikaragarri polita izaten ari da, kantari bezala hazteko eta musikari bezala ontzeko abagune paregabea. Oreka ez da sekula aurkitzen. Barruan, etengabe gauzak bilatzera eta hobetzera eramaten zaituen har bat dago, eta horrek desoreka bilatu batean bezala mantentzen zaitu.
Gazte askok, Go!azen-en entzunda ikasi dituzte Ken 7-ren abestiak, akaso, Eñaut Elorrieta nor den jakin gabe. Honek bertigoa ematen al dizu?
Abestiak grabatzean edo argitaratzean, askatu egin behar dira; libreak dira eta jendeak bere egiten ditu. Kantu batzuk egilea bera ere gainditzen dute, beharbada jendeak norena den jakin gabe ere abesten dituenak, ezta? Hori kantuaren magia da.
Fisikaria ikasketaz, irakaskuntzan aritua eta hari gainean malabareak egiten dituen musikaria zara. Baina, nork edo zerk egin zaitu musikari?
Urte luzez egin nituen ikasketak, baina duela zazpi urte guztia utzi eta orain, denbora guztia eskaintzen diot sorkuntzari eta kantagintzari. Familiak eta inguruak beti babestu eta animatu izan nau bide horretan, eta beti izan dut barruan irrika eta indar hori. Badira erabaki batzuk bizitzan harro sentiarazten zaituztenak; nire kasuan behintzat, une batean dena utzi eta benetan nahi nuena egiteko ausardia izateak.
Zer aldatu da gazteagoak gineneko Eñaut Elorrieta hartatik gaur egungora?
Izan nintzen Eñaut haren musika eta kantuak egiteko pasioa eta gogoa mantentzen ditut. Baina, bizipenak, esperientziak, begirada bera... denborarekin moldatzen doaz, eta egun naizena moldatzen joan naiz. Orain, ahotsa gehiago kontrolatzen dut, matiz gehiagorekin, era sosegatu batean, tonu grabeak gehiago landuz. Proiektu honek, adibidez, horretarako aukera eman dit.
Etzi, harizko boskote batekin eskainiko dituzu kantuak. Zergatik instrumentu hauek proiektu honetarako?
Beti deigarria iruditu zait formazio hau; umila, eta aldi berean, indartsua da. Gauza finenetatik hasita, gauza potenteak egiteko aukera ematen du. Kantutegia, berriz, nire ibilbide guztiko abestiekin osatzen da. Beraz, nire argazki eguneratu bat da.
Irurako Ikastolak Leidor bete nahi du. Ea nola erakartzen duzun jendea gure harira.
Ohore handi bat da Ikastolaren eskutik kontzertu hau Tolosan eskaintzea, mimoz egin dugun lana baita. Jada azken kontzertuak eskaintzen ari gara, eta beraz, eskualdeko herritarrak animatzen ditugu saioaz gozatzera.